Absurduaren teatroa eta krudelkeriaren teatroa
Teatro existentzialista
Existentzialismoa (75. gaia ikusi) izan zen zentzurik ez duen mundu batean bizitzeak eragiten duen sentimenduak sortu duen berehalako ondorioa. Sentipen horrek Bigarren Mundu Gerraren ondoren larritasuna eragin du gizartean. Horren guztiaren ondorioak honako pentsamendu hauek izan dira: edozein giza ekintza alferrikakoa eta zentzugabea da, baita sakrifizioa eta sufrimendua ere.
- Jean-Paul Sartre (1905-1980) filosofo eta eleberrigilea izan zen, baina antzerki lan ugari idatzi zituen horrez gain:
A puerta cerrada (1945): elkar gorroto duten hiru pertsonaia elkarri min ematera zigortuta daude, infernua, hain zuzen ere, besteekin bizitzea dela konturatzeko.
Las manos sucias (1947): helburuen eta bitartekoen arteko dilema morala aurkezten du idazleak, eta testuingurua alderdi politiko ezkertiar batean kokatu zuen. - Albert Camus (1913-1960) eleberrigile eta saio idazleak genero dramatikoa ere landu zuen:
Calígula (1938): enperadore erromatarra, bere itxurazko erokeriaren ondoren, bizitza zein zentzugabea den ohartzen da. Gainerakoek, ordea, nahiago dute engainatuta bizi eta enperadorea hiltzen dute.
Los justos (1950): terrorista errusiar batzuek baliabide ankerren bidezkotasuna eztabaidatzen dute, nahiz eta arrazoi onengatik izan.
Absurduaren teatroa
Existentzialistek bizitzaren zentzugabekeria estilo dramatiko tradizionalaren eta hizkuntza logikoaren bidez azaltzen dute. Hurrengo urratsa absurduaren eragina formara zabaltzea izango da, elkarrizketak, agertokia eta arropa, besteak beste, zentzugabeak eginez. Ekintza ere azalpenik ez duten egoeretan eta erantzunik ez duten galderetan oinarrituko da.
Mugimendu honetan gehien gailendu diren dramaturgoak frantsesez idazten duten bi atzerritar izan dira:
- Samuel Beckett (1906-1989). Irlandarra. Esperando a Godot (1953) liburua idatzi zuen. Lan honetan bi protagonista azaltzen dira, zentzurik ez duen elkarrizketa amaigabean, ezer ez dakigun beste norbaiten zain, alferrik. Beste lan batzuetan pertsonaiak zakarrontzietan sartuta agertzen dira (Final de partida, 1957) edo hondarretan lurperatuak (¡Oh, qué días más hermosos!, 1961).
Samuel Beckett, 1965 inguruan.
- Eugene Ionesco (1912-1994). Errumaniarra. La cantante calva ( 1950) lanarekin lortu zuen arrakasta. Hizkuntza suntsitzen du idazleak liburu honetan, inkomunikaziorako tresna bihurtuta. Fartsa zentzugabea da.
Las sillas (1951) lanean adineko bikote baten inguruan aulkiak pilatzen dira, zergatia azaldu gabe. Riniceronten (1958) gizabanakoak errinozeronte bihurtzen dira pixkanaka, gizatasuna galdu duten hiritar gizarte berrien ikur gisa.
Eugene Ionescok antzerki berri bat sortu zuen. Hizkuntzaren eta egoeren komikotasuna pertsonaien (minusbaliatuak eta ergelak) bizitzaren zorigaitzarekin batu zuen.
Krudelkeriaren teatroa
Antonin Artaud (1896-1948) frantziarrak lan handia egin zuen gerra aurretik; surrealistekin lan egin zuen, eta Les Cenci (1935) lana estreinatu zuen. Teatrogintzan arrakastarik handiena El teatro y su doble (1938) testu teorikoarekin lortu zuen. Lan horrek arrakasta eta zabalkuntza hirurogeita hamargarren hamarkadatik aurrera lortu zuen, korronte abangoardistentzat nahitaezko erreferentzia bihurtzen delarik.
Krudelkeriaren teatroaren helburua indar naturalak eta euren barnealdea ere menperatzen dituen indarkeriaren garrantzia ikusleari jakinaraztea da. Horretarako, Artaudek keinuetan, dantzan eta mugimenduetan oinarrituta zegoen antzerkia proposatzen du, hitzei eta ekintzei garrantzia kenduz. Irrazionaltasuna eta magian oinarrituta, ikuslea trantzean sartzea lortu nahi du, ikuslearen inkontzientea askatzeko, irudi fisiko harrigarrietan murgilduta. Ekialdeko teatro erritualean inspiratzen da idazlea.
Teoria horiekin, testuak ia bere balio osoa galtzen du, eta muntaia eta antzezpenaren oinarrizko irudia zuzendari eszenikoa bihurtzen da, dramaturgoaren kalterako.Teatro osoa
Teoria horien guztien ondorioz talde independenteak sortzen dira. Euren helburua "teatro osoa" egitea da, taldeko muntaia bidez. Lan horietako batzuetan testua aitzakia soila baino ez da.
Antzerkia beste ikuskizun mota batzuekin nahasten da (kantua, dantza, zinema, musika eta abar). Ohiko agertokiak alde batera utzi eta berriekin proba egiten dute, ikusleen parte hartzea ikuskizunean sustatzeko asmoz. Sekulako esanahia duten oinarrizko elementuak bihurtzen dira argia, arropa edo eszenografia.
Genet, existentzialismoaren eta absurduaren artean
Jean Genet (1910-1986) Sartrek ezagutara eman zuen autoreetariko bat izan zen. Existentzialismoarekin lotu dute idazle hau bere eleberrien ezaugarriak direla eta. Aldiz, bere antzerkiak estilo bortitza, eskandaluzkoa eta probokatzailea du, Artauden antzekoa eta teatro absurdutik hurbil dagoena. Bere lanik onena Las criadas (1947) da eta egiazko gertakari batean oinarritua dago: bere bi neskamek hil zuten emakume aberats baten hilketan.
Teatro independentea
Mende hasierako teatro askeen oinordekoak zirela esan dezakegu. Haiek baino erradikalagoak ziren eta batik bat Estatu Batuetan sortu ziren hirurogeita hamargarren hamarkadatik aurrera. Teatro independenteek euren ikuskizunak ez zituzten ohiko zirkuituetan egiten, kultura ofiziala eta tradizionalari kritika egiteko asmoz. Ikusleen parte hartze aktiboa bilatzen zuen antzerki honek. Mugimendu honetako lanik ezagunenak honako hauek dira: P. Schumannen Bread and Puppet, S. Walterren Firehouse Theater, eta J. Chaikinen Open Theater.
Living Theatera
Underground antzerki talderik zaharrena da. 1946an sortu zuten J. Beckek eta J. Malinak eta gainerakoentzat eredu bat izan zen. Teatroa, bizitzeko era bat zela uste zuten eta antzezleak komunan bizi ziren. Euren taldeko ikuskizunetan inprobisaziorako lekua zegoen eta leku ezohikoetan (garajeetan eta industri nabeetan, besteak beste) edo kalean antzezten zituzten. Happeningsak egiten zituzten eta horietan ikusleen berehalako erantzuna lortu nahi izaten zuten. Muntaiarik ezagunenak honako hauek dira: Frankenstein, Paraíso ahora eta El legado de Caín.
