Antzerki garaikidea Europan eta Estatu Batuetan
Teatro europar berria
Britainia Handia
Suminduta zeuden gazteek gerraosteko gaztedi ingelesaren inkonformismoa azaldu zuten. Horien artean aipagarrienak honako hauek dira: John Osborne (1929-1994), mugimenduaren lehen lana idatzi zuena: Mirando hacia atrás con ira (1956); eta Arnold Wesker (1932), gai sozial eta politikoak jorratu zituena: La cocina (1957) eta Sopa de pollo con cebada (1958).
Ondorengo autoreek bide abangoardistagoa izan zuten:
- Harold Pinter (1930): inkomunikazioaren eta isiltasunaren dramaturgoa da, absurduaren teatroaren eraginarekin (La fiesta de cumpleaños 1958; Paisaje, 1967).
- Tom Stoppard (1937): polizi parodia eta teknika modernoak batzen ditu. Bere lanen artean azpimarragarrienak honako hauek dira: El verdadero inspector Hound (1969) eta Jumpers (1972).
- Peter Barnes (1931): gizarte ingelesari eraso anker eta barregarria egiten dio Jack, errai-ateratzailea entzutetsuarekin. Beste lan ezagun bat La clase dominante (1969) da.
Frantzia
- Jean Cocteau (1889-1963) lan handia egin duen idazle surrealista izan da (73. gaia ikusi). Mito klasikoak gerra aurreko drametan eguneratzen ditu. Lan horietako asko filme bihurtu dituzte (Orfeo, 1950; La voz humana).
- Jacques Audiberti (1899-1965) olerkaria eta eleberrigilea izan zen. Arrakasta bere teatro lanei zor die, hausnarketa filosofikoa egoera eszentriko eta jostagarriekin lotzen baitditu.
- Fernando Arrabal (1932) espainiar elebidunak "ikara teatroa" lantzen du. Ikuskizun iskanbilatsuak prestatzen ditu, sadismoan, irrazionaltasunean, heriotzan eta profanazioan oinarrituak. Bere lana surrealismoaren eta ankertasunaren teatroaren oinordekoa dela esan behar dugu.
Arthur Millerrek La muerte de un viajante lanaren eszena idatzi du. Antzezlea Jose Luis Lopez Vazquez espainiarra da. Espazio eta denbora jauziekin, bizitzan porrot egin duen gizon baten istorioa kontatzen du lanak. Antzezlanean protagonistak bere bizitzaren gora beherak oroitzen ditu, bere buruaz beste egitea erabaki aurretik.
Beste herrialde batzuk
- Alemanez idatzitako antzerkia idazle askok landu dute; horien artean Frisch eta Dürrenmatt suitzarrek (77. gaia ikusi):
- Peter Weissek (1916-1982) Marat/Sade (1964) lanarekin lortu zuen arrakasta. Antzerkia antzerkian korrontearen adibide deigarria da, eroetxe batean egiten baitdute antzezpena. Bertso askean beste hainbat lan idatzi ditu, gai politikoak jorratuz.
- Thomas Bernhardek (1931-1988) lan bitxiak idatzi zituen neurtitzean. Ezaugarri sinbolikoak eta zentzugabeak dituzte bere lanek (El ignorante y el loco, 1972).
- Peter Handken asmoa, bestalde, hizkuntza eta antzerkia bera suntsitzea da: Publikumsbeschimpfung (1966).
- Italian Dario Fo (1926) nabarmendu behar da. Antzezlea, zuzendaria eta eszenografoa da, eta agitazio politikoa, gai barregarriak eta umorea lantzen ditu bere lanetan (Misterio de bufo, 1969; Muerte accidental de un anarquista, 1971). Nobel saria irabazi zuen 1997an.
Fura dels Baus konpainiako kideek Manes ikuskizuna antzeztu zuten barriketan sartuta Bartzelonako Ranbla ezagunetan.
Teatro estatubatuar garaikidea
1945 aurreko lanetan ardura filosofikoak izan ziren nagusi (gizakia / Jainkoa harremanak, kontzientzia morala, arima / materia gatazka). Aldiz, gerraren ondoren dramaturgoek errealitate soziala islatu zuten euren lanetan, eta zinemaren eragina nabaritu zen.
- Eugene O'Neill (1888-1953) izan zen estatubatuar eszenaren berritzaile nagusia, baliabide europar berriak hedatuz. Eragin naturalista El emperador Jones (1920), El mono velludo (1921) eta Deseo bajo los olmos (1925) drama landatar bortitzean nabari daiteke.
Geroago idatzi dituen lanetan sinbolismoa eta eszenako jolasak erabiltzen ditu. El gran dios Brown (1925) lanean, adibidez, espresionismoa eta estilo pirandelloarra erabiltzen ditu mozorro jokoekin batera. Extraño interludio (1927) lanean, bestalde, pertsonaiek esandakoa eta pentsatzen ari direna txandakatzen dute.
- Tennesse Williamsek (1911-1983) hegoaldeko pentsaera landatarra azaltzen du beheko klaseetako pertsonaien bitartez. Pertsonaia horiek baztertuta daude eta bizitzan huts egin dute. Askotan, patologiaren bat gehitzen zaie; El zoo de cristal (1944) patologia protagonistaren haukortasunaren ikurra da, adibidez. Un tranvía llamado deseo (1947) lana ere berak idatzi du.
Bere lanen gai nagusia gizakien arteko komunikazio eza da. Bere ustez, horrek ulertezintasuna eta tragediak eragiten zituen: La gata sobre el tejado de zinc caliente (1955).
- Arthur Miller (1915) izan da Estatu Batuetako hirietako giro tipikoak egokien deskribatzen duen dramaturgoa. Gizabanakoak porrot egiten du gainditzen dioten indarren aurrean. Bere lanik ezagunena La muerte de un viajante (1949), "amerikar ametsa"ren garaipena lortzeko obsesioaren aurpegi ezkutua jorratzen du.
Las brujas de Salem (1953) lanean progresistek jasaten duten errepresioa kritikatzen du, XVII. mendean girotuta dagoen intolerantziari buruzko istorio baten bitartez. Panorama desde el puente (1955) etorkin baten historia tragikoa da. Gidoi ugari idatzi ditu irratirako eta zinemarako.
Gaur egungo zuzendari bikainak
Giorgio Strehler (1921-1997) italiarrak, Milaneko Piccolo Teatroa sortu zuenak, bere herrialdeko antzerkigintza berritu eta miresle ugari izan zituen eredua sortu zuen. Bere jarraitzaileetariko bat Luca Ronconi izan zen. Jerzy Grotowski (1933-1999) poloniarrak eragin handia izan zuen pobrezia eszenikoko estetika sustatu zuen. Beste idazle azpimarragarri batzuk honako hauek dira: Jean Vilar frantziarra, Avignoneko Jaialdi entzutetsuaren zuzendaria; Ariane Mnouchkine frantziarra, Théâtre du Soleil sortu zuena; eta Peter Brook ingelesa, Shakespearen lanekin egin zituen muntaia berriekin sekulako arrakasta lortu zuena.
Beste dramaturgo amerikar batzuk
Hirurogeita hamargarren hamarkadan kritika sozial sendoa egiten zuen antzerkia sortu zen. Thornton Wilder (1897-1975) izan zen mugimendu horren ordezkari nagusia eta Nuestra ciudad (1938) idatzi zuen; ia ekintzarik ez dagoen herri baten bizitza arruntaren deskribapena. Gaur egungo lanen artean James Baldwinen (1924-1987) Blues para Mr. Charlie (1964), beltzek jasaten duten zapalkuntza salatzen duena; Edward Albeeren (1938) ¿Quién teme a Virginia Woolf?, (1962), joera esperimentalekoa; Arthur Kopiten (1937) Oh Dad, Poor Dad, Oh, papá, pobre papá, mamá te ha colgado en el armario y a mí me da mucha pena (1962); eta Sam Sheparden (1943); El diente del delito (1973), nabarmendu behar dira.
