Gabriela Mistral
- BIBLIO: Bibliografia (5)
Lucila Godoy Alkaiaga, Gabriela Mistral izengoitiaz ezagunagoa, Txileko Elqui bailarako Vicua herrian jaio zen, 1889. urteko apirilaren 7an. Jaun Jeronimo Godoy eskola irakaslearen eta Petronila Alkaiaga jostunaren alaba, bere haurtzaroa La Union eta Montegrande herrixketan igaro zuen.
Azken herri horretara 1892. urtean joan ziren Gabrielaren aitak bere ama utzi zuenean. Gabrielak indiar euskalduntzat jo zuen bere burua ama euskalduna baitzuen. Garai horretan, bere ahizpa Emelina Molinaren irakaspenek eta bizi zen inguru ederrak, Elqui bailara izenekoak, eragin handia izan zuten Gabriela Mistralengan.

Bere ahizparekin eta amonarekin Vicuña herrian
Hamaika urte zituela, Gabrielaren heziketaz ahizpa hasi zen arduratzen, hark Vicuñako eskolan arazoak zituelako. Ahizpak Gabrielari formazio pedagogikoa eman ez ezik irakasle izateko zaletasuna kutsatzea ere lortu zuen bere jarrerarekin. Emelina ahizpak eta amonak eragin nabarmena izan zuten Gabrielarengan, horregatik, hainbat lanetan, haiekin izandako bizipenak irudikatu zituen.
Bere formazio autodidaktikoan oinarrizkoa izan zen Bernardo Ossandon kazetariarekin izandako harremana, Ossandonek bere liburutegi handira sartzen utzi baitzion beti. Han, Federico Mistralen, Errusiako eleberrigileen eta Montaigneren prosazko lanak ezagutu zituen. Beranduago, olerkiak eta artikuluak argitaratzen hasi zen eskualdeko egunkarietan.
Irakasle-lana dela medio, Txile osoan zehar
16 urte zituela, irakasle izateko ikasketak egitea erabaki zuen, horregatik Serenako Eskola Normalean sartzeko baimena eskatu zuen; baina bere artikuluetan adierazitako ideiak zirela eta, ukatu egin zioten sarrera, euren esanetan bere ideiak ateoak eta haurrak hezten jardun behar zuen norbaitentzat kaltegarriak zirelako. Gertaera horren ondoren, emakume guztien hezkuntzarako eskubidea aldarrikatzen hasi zen, egunkarietan idatzitako artikuluen bitartez. La instruccin de la mujer izeneko artikuluarekin Mistralek eskolan sartzeko baimena lortu zuen. Une horretatik aurrera, irakasle-lanean hasi zen. Elqui bailaratik Araucania hegoaldeko eskualdera joan zen irakasle, eta handik, Santiago inguruko mendietara. Horrela, herrialdearen paisaien esentzia jasotzea lortu zuen.
Bere mutil lagunaren heriotza erabakigarria izango da Mistralen bizitzan.
Mistralek 20 urte zituenean, bere mutil lagunak, Romeo Ureta Carvajal izenekoak, bere buruaz beste egiteak asko markatu zuen. Larritasun- eta min-sentimenduak Sonetos de la muerte obran irudikatu zituen. Beranduago, 1914. urteko Santiagoko Lore Jokoetan parte hartu zuen eta han ezagutzera eman zen, Sonetos de la Muerte lanarekin, hain zuzen, irabazle izan baitzen. Lehiaketa horretan lortutako aintzatespenaren ondoren, sormen handiko aro emankorra hasi zen Gabriela Mistralen bizitzan. Olerki batzuk aldizkaritan argitaratu zituen eta Ruben Dario olerkigilearekin harremanetan jarri ondoren, Dariok El angel guardian olerkia eta La defensa de la belleza ipuina argitaratu zizkion Elegancias de Pars aldizkarian.
Bere lanetako asko argitaratzen hasiko da Mistral
Garai horretan, bere konposizioetako asko argitaratzen hasi zen: Los sonetos de la muerte argitaratu zituen, eta, Educacin Nacional aldizkarian La maestra rural, Plegaria por el nido eta Redencin olerkiak argitaratu zituen; gainera, Julio Molina Nuñezek eta Juan Agustin Arayak prestatutako Selva lrica bezalako olerkari txiletarren izen handiko antologietan parte hartu zuen. Lan horiek Federico de Onis kritiko espainiarrak abalatu zituen. Onisek Mistralen lanari buruzko hainbat hitzaldi eman zituen Columbiako Unibertsitatean irakasle espainiarren eta estatubatuarren aurrean. Hitzaldi horiekin New Yorkeko Instituto de las Americasek bere lehenengo liburua argitaratzea lortu zuen 1922. urtean, Desolacin izenekoa. Jose Vasconcelos filosofoak Mexikora gonbidatu zuen hezkuntzaren erreforman parte har zezan, eta horren ondoren Amerikako Estatu Batuetan eta beranduago Europan zehar eramango zuen bizitza ibiltaria hasi zuen.
Nobel saria eta bere lanik handiena
Urte horietan, bere garaiko intelektual azpimarragarrienetakoekin harremana izan zuen: Giovanni Papini-rekin, Henri Bergson-ekin, Paul Rivet-ekin eta Miguel Unamunorekin, beste batzuen artean. Bere herrialdearen ordezkaritza-postu garrantzitsuak izan zituen Espainian, Portugalen eta Frantzian. Herrialde horietan zehar zebilela, Tala eta Lagar, bere lurraldearen esentzia eta paisaiak barnean dituzten liburuak argitaratu zituen. 1943. urtean, ahizpa Emelinaren seme Yin-Yin-ek, honi ama hil zitzaionean Gabrielak semetzakotzat hartu zuenak, bere buruaz beste egin zuen. Gertaera horrek Gabriela Mistral oinaze handiko egoeran murgilarazi zuen. 1945. urtean Literaturako Nobel saria eman zioten. Bere lanik handiena, bizitzako azken urteetan asko landu zuen Poema de Chile izan zen, hil eta hamar urtera argitaratu zutena. Gabriela Mistral 1957. urtean hil zen.
Gabriela Mistralen euskal jatorria
Gabriela Mistralen euskal jatorria Iñaki Egaña idazle donostiarrak ikertu du. Honek egindako ikerketen arabera, Inazio Alkaiaga Oronoz Hondarribian jaio zen 1686an. Hau, XVIII. mendearen hasieran, Txileko Coquimbo probintzian finkatu zen. 1714an Magdalena Cortés-ekin ezkondu zen La Serena-n. Hauen seme Joan Jacoba Peraltarekin ezkondu zen eta Elqui-ko haranean jarri ziren bizitzen. Hauen seme Manuel Alkaiaga Txileko jauntxoen familiako Juana Cistiernas-ekin ezkondu zen. Hauen ondorengo Norberto Alkaiaga, Elqui-n bizi zena hau ere, Victoria Rivera-rekin ezkondu zen. Hauen alaba zen Petronila Alkaiaga, lehenbizi Molina batekin ezkondu eta alargun geratu ondoren berriro ezkondu zena Jerónimo Godoy-rekin. Hauexek izan ziren Lucila María Godoy Alcayaga-ren gurasoak, hain zuzen.
Tala poema-liburua
1938an argitaratu zuen poema-liburu hau eta salmentarekin lortu zuen dirua Espainiako gerragatik erbesteratuta zeuden haur euskaldunentzat utzi zuen.
Unamunorekin izandako liskarra
Gabriela Mistralek Miguel Unamuno 1928an ezagutu zuen. Honek Latin Amerikako literatura ondo ezagutzen zuen, solaskide trebea zen eta sarri izaten zen Gabriela Mistralen etxean. Halako batean liskar bat izan zuten indiarrak zirela eta. Gabriela Mistral indigenista bihurtuta zegoen Mexikon izan zenez geroztik. Han maien eta azteken kulturak ezagutu zituen eta pentsatzen zuen mendebaldeko zibilizazioari garrantzizko ekarpenak egin ziezazkieketela. Unamunok, aldiz, uste zuen Latin Amerikak aurrera egingo bazuen zuriak nagusitu beharra zeukatela indiarren gainetik. Gabrielak hau entzun zionean, Unamuno Espainiaren ikurtzat hartzen baitzuen, Espainiarekiko zuen iritzia bertan behera jausi zitzaion. Behar bada Espainiarena baino gehiago Gaztelarena, hau atzerakoia ikusten baitu. Azkenean Espainian harremanak txartu egin zitzaizkion eta Portugalera aldatu zen.
