XX. mendeko poesia hispanoamerikarra (II). Konpromisoa eta postabangoardia
- LINK: Kanpo loturak (1)
Guillen eta poesia beltza
Mende hasieran bertakotasuna bilatzen zuen joera orokorra eman zen eta horrek populazio beltzaren kulturaren balioa handitu zuen. Kultura hori ordura arte gutxietsia egon zen. Folklorearen ikerketek herri poesiaren aberastasuna nabarmendu zuten batik bat.
Abangoardismoa eta folklore beltza elkartzeak poesia beltza edo afroamerikarra deitu zaiona sortu zuen. 27.eko belaunaldiko neoherrikoitasun antzekoa izan zen korronte hau (37. gaia ikusi). Mugimendu hau lantzen dutenen artean Luis Pales Matos puertorricarra (1898-1959) eta Emilio Ballagas kubatarra (1910-1954) nabarmendu behar dira.
- Nicolas Guillen (1902-1989), kubatarra eta mulatoa. Korronte honen ordezkari nagusia dela esan dezakegu. Bere lehen lanetan (Motivos de son, 1930; Sóngoro Cosongo, 1931) populazio beltzaren mundua deskribatzen du irudi tipikoen, errituen eta superstizioen bidez, besteak beste.
Horren ondoren, beltzen baztertzea salatzen du bere lanetan, eta orokorrean, Hispanoamerikako bidegabekeria sozialak (El son entero, 1947; La paloma del vuelo popular, 1958). Batistari egiten dion oposizioa dela eta, erbesteratu egin zuten. Castroren garaipenaren ondoren, bere obrak iraultza landu zuen (Antología mayor, 1964).
Bere poesia errekurtso erritmikoetan oinarritzen da (paralelismoa, errepikapena). Onomatopeiak, metaforak eta herri hizkeraren erreprodukzioa (lexikoa, aldakuntza fonetiko-gramatikalak) lantzen ditu.
Nicolas Guillen.
Pablo Neruda
Liburu ugari idatzi zituen eta XX. mendeko olerkaririk bikainenetako bat dela esan dezakegu. Antzerkia eta prosa ere idatzi zituen, bere oroitzapenetan batez ere Confieso que he vivido (1977).
Bere lehen lan entzutetsua, Veinte poemas de amor y una canción desesperada (1924), klasiko bilakatu da heldutasun eta hunkiberatasunagatik. Estilo erraza du eta maitasunaren goraipamena, nerabeen estualdia eta bere haurtzaroko naturagatik sentitzen duen nostalgia elkartzen ditu bere lanetan.
Residencia en la tierra (1933-1935) krisi existentzial larri baten ondoren idazten du. Estilo surrealista hartzen du metafora liluragarri eta hermetikoez bere atsekabea eta bihotzaren iluntasuna azaltzeko.
Konpromiso politiko eta sozialetan buru belarri sartzeak krisialditik ateratzen lagunduko dio eta amaiera Canto general (1950) lanarekin emango dio. Poema liburu luzea da eta Amerikako historiari gainbegiratu bat ematen dio bertan. Azken lanetan, konpromisoa amodio kontuekin (Los versos del capitán, 1952) eta eguneroko gauzen aipamenarekin tartekatzen ditu (Odas elementales,1954-197).Octavio Paz
Octavio Paz (1914-1998) mexikarrak ere errepublikarren alde borroka egin zuen Gerra Zibilean. Diplomazialaria zenez, kontinente ugaritan bizi izan zen. Mexikori, filosofiari eta estetikari buruz saiakera lan bikainak idatzi zituen (El laberinto de la soledad, 1950; El arco y la lira, 1956). Nobel saria eskuratu zuen 1990ean.
Hasieran idatzi zituen poesia lanak, Libertad bajo palabra (1960) lanean bilduta, konpromiso-poesia eta estetika surrealista elkartzen ditu, arazo existentzialak lantzeko (bakardadea, komunikazioa, denbora, maitasuna), hizkera askea eta hermetikoa erabiliz.
Bere hurrengo lanek (Salamandra, 1962) ekialdeko kulturaren eragina agertzen dute, bai forman (haikus) baita gaietan ere (gai esoterikoak eta misteriozkoak, nortasuna, bikoiztasuna). Bere azken urteetan hizkuntzarenganako zuen funtsezko ardura azpimarratu zuen berriro ere, eta esperimentalismo abangoardista berreskuratu zuen. Era askotako irakurketa dute garai horretan idatzi zituen lanek (Blanco, 1967) edo ikusteko poemak dira (Topoemas,1968). Literaturako Nobel saria eskuratu zuen 1990ean.Beste poeta postabangoardista batzuk
- Nicanor Parra (1914), txiletarra. Inguruko errealitatea azaltzen duen poesia herritar eta ironiko kritikoa idazten du. Bere "antipoemetan" edo "lehergailuetan" umore beltza eta sarkastikoa, joko linguistikoak eta gai intelektualak dira nagusi. Bere lan ezagunenak La cueca larga (1958) eta Canciones rusas (1967) dira.
- Ernesto Cardenal (1925), apaiza eta politiko nikaraguarra da. Konpromiso soziala (Hora cero, 1960; Homenaje a los indios americanos, 1969) eta jainkozaletasuna (Salmos, 1964) azaltzen dira bere lanetan.
Azken urteotako beste olerkari azpimarragarri batzuk T. Segovia (1927) mexikarra, R. Fernandez Retamar (1930) kubatarra, J. E. Eielson (1921) peruarra, J. Adoum (1923) ekuadortarra eta M. Benedetti (1920) (kontalaria ere bada) eta J.Gelman (1930) argentinarrak dira.
Surrealismoa
Surrealismoaren irudimen-gaitasunak eta antolaketa mentalen iradokizunak Lehen Mundu-gerraren ondorengo artearentzat benetako iraultza suposatu zuen.
Surrealismoa dadaismotik datorrela askotan esan den arren, garrantzitsua da azpimarratzea lehenengoaren sorrera autonomo eta berezkoa dela. Baina dada-k suntsipena, kaosa eta hondamena bultzatzen baditu, surrealismoak artearen eta bizitzaren ikuskera eraikitzen du.
Poesia garbia
30. hamarkadako korronte poetikoa da, abangoardismoa sorburu izan zuena. Edertasuna bilatzen zuen sentimenduak saihestuz eta sorkuntza lirikoan garrantzia jarriz. Kolonbian Piedra y Cielo taldea nabarmendu behar dugu; Eduardo Carranzaren (1913-1985) klasizismoa hor kokatu behar da. Korronte honek aparteko zabalkuntza izan zuen Kuban, Dulce Maria Loynazen (1903-1987) poesia introspektiboari eta abstraktuari esker, eta Jose Lezama Lima (1912-1976) idazlearen obra sailka ezinari esker. Azken hau narratzailea ere izan zen eta mundu poetiko korapilotsuak eraikitzen ditu, balora ezinak direnak neurri batean.
XX. mendeko Brasileko poesia
Brasileko abangoardiako olerkarien artean ondorengo hauek nabarmendu behar dira: Manuel Bandeira (1886- 1969) eta Mario de Andrade (1893-1945). Ondoren etorri ziren Jorge de Lima (1895-1953), bere lurraren arima adieraztetik erlijio poesiara jauzi egin zuena; Carlos Drummond de Andrade (1902-1987), poeta soziala eta egunerokotasunaz idatzi zuena inoiz ironia galdu gabe; eta Vinicius de Moraes (1913- 1980) ezaguna, maitasunaren olerkaria.
Ricardo Neftalí Reyes
Ricardo Neftali Reyes,
Pablo Neruda
(1904-1973). Haurtzaroa Txileko hegoaldean igaro zuen
eta oso gaztea zela lortu zuen arrakasta, poeta gisa.
Azkenean berak ofizialdu zuen arren, Pablo Neruda olerkari
txiletar bikainak Jan Neruda (68.
gaia ikusi) idazle txekiarraren omenez, eta bere aitari
bere literatur lana ezkutatzeko asmoz hartu zuen izengoitia
da. Asian eta Espainian diplomazialaria izan zen eta azken
herrialde horretan 27. belaunaldiko autoreen laguna egin,
eta Errepublikaren alde borroka egin zuen. Bere militantzia
komunista zela eta, erbesteratu egin behar izan zen. 1971n
Nobel saria irabazi zuen. Bere lagun Salvador Allenderi
boterea kendu zion estatu kolpea gertatu eta handik egun
batzuetara zendu zen.
