LITERATURA

XX. mendeko Hispanoamerikako narratiba (1go belaunaldia)

Bere poeta handien obra nahikoa izango ez balitz, nobela hispanoamerikarraren garapen ikaragarriak XX. mendea kontinente horren literaturaren urrezko garaia dela baieztatzen du. Izan ere, mende hasieratik gogor jardun dira narraziogintzan eta figura handi batzuk hirurogeien booma prestatzen ari dira.

Mende hasierako bi joerak

Modernismotik, gai fantastikoari buruzko ipuin laburrerako joera sortzen da, Ruben Dariok berak landu zuena. Bere jarraitzaile nagusiak hauek dira: Leopoldo Lugones Argentinako poeta (84. gaia ikusi), gai misteriotsu eta mitikoak dituzten ipuinak dituena; eta Uruguaiko Horacio Quiroga (1878-1937), oihanean girotutako ipuin beldurgarriekin.

Beste joera, garatuagoa zegoena, nobela errealista eta naturalista da, bertako gaiak erabiltzen dituena, Europan baino askoz beranduago sortzen dena. Mota batzuk daude:

  • Mexikoko iraultzari buruzko nobela: hauetan garrantzitsuena Los de abajo (1915), Mariano Azuelarena (1872-1952) da, gerraren gogorkeria eszeptikoki erakusten duena.
  • Indigenei buruzko nobela: indioen zapalketa salatzen du, esaterako El mundo es ancho y ajeno (1941), Ciro Alegriarena (1909-1967), herri indigena bat interes ekonomikoengatik suntsitua izan dela kontatzen duena.
  • Lurraren nobela: zibilizazioa eta basakeriaren arteko gatazka gaitzat hartuz (65. gaia ikusi), oihanaren indar suntsigarria (La vorágine, 1924, Jose Eustasio Rivera kolonbiarrarena, 1888-1928), jauntxokeria latifundista (Doña Barbara, 1929, Romulo Gallegos venezuelarrarena, 1884-1968) eta gautxoen bizitza (Don Segundo Sombra, 1926, Ricardo Güiraldes argentinarrarena, 1886-1927) kontatzen ditu.

1940-1960ko narratibaren berriztapena

Berrogeien hamarkadan Europako gerrak onura ekonomikoa ekartzen dio Hispanoamerikari eta bere hiriak hazten dira. Horrez gain, Espainiako intelektual errepublikar asko edo europar erbesteratuak iristen dira, kultur bizitza aberastuz.

Orduan hasten da gainditzen errealismo narratiboa. Ezaugarri berriztatzaileak izango dira hiriko gaiak gehitzea, estruktura teknika berriak eta errealismo magikoa.

Errealismo magikoa munduaren irudikapen konplexua da, maila berean arrazoizkoa, ametsetakoa eta fantastikoa onartzen duena. Hegoamerikako errealitateaz aritzeko posibilitate bakartzat aurkezten da, Europan ez bezala, magikotasuna eta liluragarritasuna bizirik irauten dutelako eta naturak indar teluriko handia duelako.

Machu Picchuko hondakinak.

Borgesen ipuinak

Jorge Luis Borges (1899-1986) (85. gaia ikusi), literarioki oso zainduta dauden saio batzuen autorea da (Historia de la eternidad, 1936; Otras inquisiciones, 1952), baina aipagarrienak bere ipuinak dira (Ficciones, 1944; El aleph, 1949 eta El libro de arena, 1975).

Bere estiloa, itxuraz distantzia mantentzen duena baina oso sentibera, zehaztasuna eta ironiagatik bereizten da, bai eta bere zama kulturalagatik (erreala edo fikziozkoa). Bere gaien konplexutasunak, filosofia eta existentzialismoaz ari dena, azpi gai batzuk erakusten ditu:

  • Ilusiozko errealitatea, fikzioarekin nahasten dena.
  • Nortasunaren misterioa: ordezkoa, ametsa, berraragiztatzea.
  • Argitu ezinezko labirintoa den mundua.
  • Denboraren kontzepzio zirkularra.
 

Argentinako Jorge Luis Borges, saiogile, narratzaile, poeta eta kultura handiko gizona, XX. mendeko munduko figura literario nagusienetakoa da, dudarik gabe.

Asturias eta Carpentier

  • Miguel Angel Asturiasen nobela garrantzitsuena, El señor presidente (1946), diktadorearen figurari buruzkoa da, oso gai ohikoa Hispanoamerikako narratiban, baina amesgaizto batean kokatuta dago, absurdoa eta groteskoa nahasirik.

    Bere lana, kultura mayaren ikerle bezala, Leyendas de Guatemala (1930) eta Hombres de maíz (1949) obretan islatzen da. Bere «trilogia bananeran» (El Papa verde, 1954, nabarmenena dena) Ipar Amerikaren Ertamerika menperatzeko nahia salatzen du.

  • Alejo Carpentier errealismo magikoaren lehenengo teorikoa izan zen El reino de este mundo idatzitako hitzaurrean (1949), Haitin XVIII. mendean gertatutako esklabu matxinada bati buruzkoa. Garai berean girotuta dago El siglo de las luces (1962). Bi nobeletan, iraultzako idealak eta Antillen kultura afrikarraren arteko fusioaren erretratu groteskoa egiten da.

    Antzeko estilo barrokoaz kontatzen da Los pasos perdidos (1953), oihanean zehar egindako bidai bat, bere protagonistak harrapatzen dituena. Idazlearen beste nobelak dira: Ecue- Yamba -O (1933), Kubako mundu beltzaren abangoardiako deskribapena; El acoso (1956), traidore bati buruzko estruktura konplexuzko nobela laburra; eta El recurso del método (1974), diktadura bati buruzkoa.

Eleberri indigenistak

Gai indigenei eskainitako nobela XIX. mendearen bukaeran jaiotako korronte narratiboa izan zen eta XX. mendean zehar ere jarraitzen duena. Garai erromantikoan zehar, ikuspuntu exotiko batetik indiarren ezaugarriak goraipatzen dira, indianismo bezala identifikatzen dena.

Beste aldetik, ondorengo beste korronte bat dago, indianismoa ere deitua, talde indigena desberdinek jasatzen dituzten bidegabekeriak, esplotazioa eta haien lurren galera salatzen dituena. Obra indigenista garrantzitsuenetariko bat Ciro Alegría peruarraren El mundo es ancho y ajeno delakoa da.

 

Hegoamerikako egoera zaila

Hispanoamerikako narratibak Hegoamerikako errealitate zaila erakusten du: natura liluragarria, basatia eta ikaragarria, eta kanpoko herrien ekonomiak zapaldutako estatu ahulak, iraultza eta diktaduraren artean mugitzen direnak; egonkortasun txikia duten gizarteak, jende pobrea eta oligarkia aberatsaren artean diferentzia handiak dituena; biztanleen eta kulturaren nahasketa izugarria, ez bakarrik indioen eta beltzen artekoa, baizik eta Europatik etorritako jendearena ere bai.

 

Beste nobelagileak

Venezuelako Arturo Uslar Pietri (1906-2001) Las lanzas coloradas (1931) nobela historikoaren egilea da. Agustin Yañez mexikarrak (1904-1980) nekazal munduko jauntxokeria deskribatzen du errealismo kritikoaz La tierra pródiga obran (1960). Jose Maria Arguedas peruarrak (1911-1969) Los ríos profundos (1958) obra autobiografikoaren egilea da.

 

Argentinako narratzaileak

Roberto Arlt (1900-1942) idazleak bere anarkismo basatia El juguete rabioso (1926) nobela erdi pikareskan askatzen du, edo Los siete locos (1929) obraren pertsonai paranoikoetan. Leopoldo Marechalek (1900-1970) bere herriko hiriburuaren abangoardiako ikuspegia eskaintzen du Adan Buenosayres (1948) lanean. Eduardo Mallea (1903-1982) garaiko arazo existentzialari buruz arituko da Todo verdor perecerá obrarekin (1945).

 

Bizitza paraleloak

M. A. Asturias guatemalarraren biografiak, (1899-1974), kolonaurreko kulturak aztertu zituena eta 1967an Nobel Saria jaso zuena, eta Cubako A. Carpentierrenak (1904-1980), musikologo eta kazetaria, antzekotasun handiak erakusten dituzte. Biak erbestean bizi izan dira, norberaren gobernu diktatorialen kontra joateagatik, edo diplomatiko bezala. Frantzian mugimendu surrealistarekin harremanetan jarri ziren.