MATEMATIKA

Estatistikaren aplikazioak

Estatistika, normalean, demografia, ekonomia eta soziologiako azterketekin lotzen dugu. Baina materiaren ezaugarrien portaera eta izaera biologikoena adierazten duten ereduen hobekuntzan zientzialariek duten interesak eragiten ditu estatistikan izaten diren lorpen gehienak. Medikuntzan, biologian, fisikan eta, azken batean, zientzietako alor gehienetan erabiltzen dira estatistikako tresnak, eta horiek erabat garrantzitsuak dira alor horietako lan ereduak gara daitezen.

Erabilpen eremuak

Estatistika, zientzia eremu guztietan erabiltzen den aplikazio praktikoko zientzia ia unibertsala da:

  • Natur zientzietan askotan erabiltzen da, besteak beste, eredu termodinamiko konplexuen deskribapenean (mekanika estatistikoa), fisika kuantikoan, fluidoen mekanikan edota gasen teoria zinetikoan.
  • Gizarte eta ekonomia zientzietan oinarrizkoa da demografia eta soziologia aplikatuaren garapenean
  • Ekonomian, hainbat eta hainbat parametro makro eta mikroekonomikoren artean dauden loturak atzemateko lagungarri diren balioak ematen ditu.
  • Zientzia medikoetan, gaitzen eta gaixoen bilakaerari buruzko jarraibideak finkatzeko balio du, baita gaixotasunei loturiko heriotza tassei edo sendagai baten eraginkortasun mailari buruzkoak ere, besteak beste.

Datuen aurkezpena

Azterketa batean aldagai esanguratsuenek -direla populazio batenak, direla lagin batenak- duten maiztasun absolutuaren balioa adieraziz aurkezten dira datu estatistikoak. Balio edo estatistikako aldagai baten modalitatearen maiztasun absolutua da balio edo modalitate hori bera duten behatutako datuen kopurua. Balio edo modalitate baten maiztasun absolutuaren eta datu guztien arteko zatidurari maiztasun erlatiboa esaten zaio. Ehunekotan ere aurkezten dira datuak, hau da, 100 izendatzailearen arrazoi modura.

Aldera daitezkeen zenbakizko bi kopururen arteko zatidura da arrazoia. Zatidura unitate desberdinetan adierazten diren bi kopururi badagokie, orduan arrazoiari tasa esaten zaio. Biztanleria dentsitatea tasaren adibide bat da; kilometro koadro bakoitzeko zenbat biztanle dagoen adierazten du, eta, normalean, azterketa demografikoetan erabiltzen da.

Zenbait batugairen batuketa kontuan harturik, zatidura batugaietako baten eta batuketa osoaren arteko zatiketa numerikoari badagokio, orduan proportzio deitzen zaio hor azaltzen den kopuruari.

Kontsumo Prezioen Indizea (KPI) adierazten duten sektore-grafikoak.

Zenbaki indizeak

Estatistikako datuak aurkezteko beste modu bat zenbaki indizeak erabiltzea da. Interesatzen zaigun estatistika aldagai batek denborarekin zer-nolako bilakaera izan duen adierazten dute zenbaki indizeek. Hala, bada, aldagaiak une zehatz batean duen balioa hartzen da indizearen erreferentzia gisa, eta ondorengo balioak erreferentzia horrekiko aldaketa arrazoi gisa adierazten dira (ehunekotan askotan).

Zenbaki indizeen erabileraren adibide ohikoena burtsako indizea da; indize hori herrialde bakoitzeko irizpideen mende dago (Dow Jones indizea, New Yorkeko Burtsan; Nikkei indizea, Tokion, eta abar).

Balio Burtsaren bilakaeraren grafikoa, zenbaki indizearen adibide.

Estatistika komunak

Hona hemen komunikabideetan askotan agertzen diren estatistikako zenbait azterketa komun:

  • Biztanleria Aktiboaren Inkesta (EPA); Espainiako Estatistika Institutuak (INE) hiru hilabetetik hiru hilabetera egiten du, Lanaren Nazioarteko Erakundeak (OIT) aholkaturik, biztanleriaren jarduerari buruzko datuak jaso eta sailkatze aldera. Inkesta hau laginen bidez egiten da, eta emaitzak adin, sexu, ikasketa maila, lanbide eta beste zenbait parametro kontuan harturik antolatzen dira.
  • Kontsumo Prezioen Indizea (KPI); Espainiako Estatuko biztanleek kontsumitu dituzten ondasunen eta zerbitzuen prezioek izan duten bilakaera neurtzen du, bitarteko estatistikoak erabilita. Familia Aurrekontuen Inkestan (EPF) oinarritzen da, eta prezioen bilakaeraren adierazgarritzat jotzen diren ehunka produktu edo gai aukeratzen dira, zortzi taldetan sailkaturik. Aukeratutako gaiek inkestan kontuan hartzen den erosketa otarrea osatzen dute.
  • Barne Produktu Gordina (BPG); herrialde batek produkzio prozesuei lotutako ondasun eta zerbitzuetan ekoitzitakoa adierazten du.
  • Eros ahalmena; Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren (SMI) eta KPIren datuak erabiltzen ditu, modu konbinatuan.
Sektoreen grafikoa, edo zirkularra, non, iritzi inkesta baten arabera, estatistikoki matematiken erabilera azaltzen den.

Murtziako eskualdean izandako jaiotzak

Zenbaki indizeetako taula baten eredua.

 

KPIren erosketa otarrea

KPIren erosketa otarrean kontuan hartzen diren gaiak honako zortzi talde hauetan sailkatzen dira:

· Janaria.

· Arropa.

· Etxebizitza.

· Tresneria.

· Sendagaia.

· Garraioa.

· Aisia.

· Beste.