MUSIKA

«« Itzuli

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa hasi da Zamudion

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa hasi da Zamudion

2006/10/09

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa 2006 atzo, hilak 8, hasi zen Zamudion, "Bapatean Bizkaia" goiburuarekin, eta, bost kanporaketa eta hiru finalaurrekoren ostean, abenduaren 16an izango da finala Bilboko Euskalduna Jauregian.

Berrikuntzen urtea da aurtengoa eta "Bapatean Bizkaia" goiburua da horren adierazgarri, Karmelo Uriarteren esanetan. Azken urteetako txapeldunak, Igor Elortza eta Unai Iturriaga, ez dira aurkeztuko eta, hortaz, txapeldun berria izendatuko da aurtengoan, eta horrek, bere iritziz, "lehia eta freskotasuna" ekarriko ditu finalera, baina baita txapelketako gainerako faseetara ere.

Horrez gain, egituran aldaketa nabarmenik ez badago ere, finala larunbatez izango da, abenduaren 16an, hain zuzen ere. Aldaketa hori entzuleari begira hartu dela jakinarazi da antolakuntzatik.

Igandeetako hitzorduez gain, plaza berriak bereganatu nahi ditu bertsolaritzak, eta horretarako, Bilboko Udalaren laguntzaz saio osagarriz hornituta dator txapelketa. Bizkaiko unibertsitateetako ikasleentzat bertso-saioak izango dira azaroan eta euskaltegietako ikasleentzat ere ikastaroak antolatuko dira.