MUSIKA

«« Itzuli

Garcia de Basurto, Sarasate eta Iturralde konpositoreen musika nagusi Musikasten

Garcia de Basurto, Sarasate eta Iturralde konpositoreen musika nagusi Musikasten

2008/05/09

Juan García de Basurto, duela 500 urteko konpositore berria, eta Pablo Sarasate, José María González Bastida eta José Luis Iturralde musikariei eskainiko diote Musikaste, Euskal Musikaren 36. astea. Bihar hasi eta maiatzaren 17ra arte ospatuko da Errenterian (Gipuzkoa).

Festibal honek euskal autoreen lanak berreskuratzen ditu eta gaur egungo sormena ere bultzatzen du. Musikasteren aurtengo protagonista Juan García de Basurto izango da, duela 500 urteko musika konpositorea. Bere lana oso sakabanatuta egon da eta horregatik ikerketa lan handia egin behar izan dute.

Garai modernoan lehen aldiz aurkeztuko du Musikastek errenazimenduko musikari honen lana. Aurtengo edizioak gainera, arreta berezia jarriko die aurten euren jaiotzaren edo heriotzaren urteurrena ospatzen den hainbat artistari: Pablo Sarasate bibolinista nafarrari, José María González Bastida musika banda zuzendariari eta José Luis Iturralde konpositore donostiarrari.

Turina boskotea, Andra Mari abesbatza, Hodeiertz korua, Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Donostiako Txistularien Udal Banda eta hurren hainbat abesbatza izango dira, besteak beste, Errenterian.

Aurtengo edizioan gainera Osanbela estreinatuko dute, Tomas Garbizuk abesbatza eta orkestrarako egindako poema koreografikoa.