«« Itzuli
Aurora Beltranek bakarkako ibilbideari ekin dio Clases de baile diskoarekin

2008/05/14
Aurora Beltran, Tahures Zurdos talde nafarraren abeslari ohia, bakarlari moduan hasi da, eta Clases de baile lana kaleratu du. Bilduma berri hori Madrilen aurkeztu zuen jende aurrean, maiatzaren 7an.
Disko berri horretan Espainiako Estatuko hiru musikari garrantzitsuk parte hartu dute: Loquillok, Carmen Parisek eta Enrique Bunburyk. Lehenak abeslari nafarrarekin batera Iggy Popen "Candy" abestiaren bertsio bat interpretatzen du. CDari izenburua ematen dion kanta, berriz, Enrique Bunburyk eta Aurorak elkarrekin abesten dute. Bunburyk, gainera, "Silencio" abestian ere esku hartzen du.
Aurora Beltranek hogei urtez osatu zuen Tahures Zurdos banda Lolo Beltran, Juanma Ugarte eta Javier Lizarazu "Puntxes" kideekin batera. Banatu ziren arte, laukoteak estudioko zortzi lan argitaratuta zituen, besteak beste, Tahúres Zurdos (1988), Tahuria (1990), Nieve negra (1991), Árido (1992), La caza (1994) edota Tak (1998). Horiez gain, 2004an 17 años izeneko zuzeneko diskoa atera zuten, 2003ko abenduaren 5ean Tuterako (Nafarroa) Naboo aretoan eman zuten kontzertua biltzen zuena.
(Argazkia: www.hipersonica.com)
