«« Itzuli
Bilboko Udal Musika Bandak udaberriko denboraldiari ekingo dio gaur

2008/05/16
Bilboko Udal Musika Bandak gaur emango dio hasiera udaberriko denboraldiari; ondorioz, ostiraletako kontzertuak Areatzako kioskora eramango ditu. Irekiera-kontzertua arratsaldeko zazpi eta erdietan hasiko da, eta banda Iñaki Urkizu zuzendariordearen eta Juan Manuel Gomez de Edeta zuzendari gonbidatuaren gidaritzapean egongo da.
Programak bi zati izango ditu. Lehenengo zatia Iñaki Urkizuk zuzenduko du, eta honako obra hauen piezek osatuko dute: Trombones bravos (Edmund Löfflerr), Virginia (Jacob De Haan), El Caserío (Jesus Guridi) eta Cugat's cocktails (Marcel Peeters).
Kontzertuaren bigarren partean, berriz, banda Juan Manuel Gomez de Edetaren batutapean egongo da, eta beste obra hauek interpretatuko ditu: Arraunlariak pasodoblea (Marcelino Amenabar), La torre del oro (Geronimo Gimenez), Estampas andaluzas, (Andres Piquero) eta Artal de Alagón (Miguel Villar).
Udal Musika Banda BilbaoMusika erakundearen menpe dago gaur egun. Azken hori Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza sailaren menekoa den erakunde autonomoa da, eta Musika Eskolaren eta Txistulari Bandaren ardura darama.
(Argazkia: www.bilbaomusika.net)
