MUSIKA

«« Itzuli

Sete Sois Sete Luas jaialdia Deban ospatuko da datorren asteburuan

Sete Sois Sete Luas jaialdia Deban ospatuko da datorren asteburuan

2008/09/04

Sete Sois Sete Luas kultura jaialdi kulturala Gipuzkoako Deba herrian izango da irailaren 5ean eta 6an. Larunbateko eta igandeko ekitaldietan parte hartzeko, bertan izango dira, besteak beste, Akim El Sikameya musikari aljeriarra eta 7Sois Orkestra. Azken hori Mediterraneoko hainbat musikarik osatzen dute.

Jaialdia helburu zehatz batekin sortu zen Italian, 1999an: hamaika adierazpen kultural era anitzean hedatzea. Horretarako, herri-musika, kale-antzerkia eta arte plastikoak bultzatzen dituzten proiektuak burutzen dira ekimenean. Asmoak aurrera eraman ahal izateko, bestalde, kultura-sarea sortu dute Europako eta Afrika Iparraldeko zenbait herrialderen artean. Eta aurtengo ospakizunean, lehen aldiz, herri euskaldun batek parte hartuko duela adierazi dute antolatzaileek.

Aurtengo edizioan, "herrialde desberdinetako artisten harremanak mamitu eta erakutsi" nahi dituzte. Asko izango dira alea jarriko duten sortzaile ezagunak eta gonbidatu berezia ere prest dago. Akim Sikameya aljeriar musikaria da. Bere taldeak lagunduta, 22:30ean ekingo dio lanari Alamedan eta sarrera doakoa izango da. Debako emanaldia Euskal Herrian eskainiko duen bakarra da.

(Argazkia: www.akimelsikameya.com)