MUSIKA

«« Itzuli

Gaurtik hasi eta astelehenera arte folk musikak Getxo hartuko du

Gaurtik hasi eta astelehenera arte folk musikak Getxo hartuko du

2008/09/04

Imperial Azteca Mariachi taldea izango da gaur arratsaldean Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdiari hasiera emango dion taldea. Bizkaiko herriak gaur hasi eta datorren astelehenera arte (irailak 7) hartuko du folk musikaren jaialdia.

Horrela, aurtengo edizioan, besteak beste, The Chieftains irlandarrek, Ismaël Lo senegaldarrak, Eliades Ochoa gitarrista kubatar onenetarikoak eta Korrontzi euskal taldeak hartuko dute parte. Azken honek gaur gauean (21:30) Getxon eskainiko duen kontzertua oso berezia izango da, bertan, bere disko berriaren kantak grabatuko baititu zuzenean, hainbat jatorri eta estilotako musikariren laguntzaz.

Kontzertu nagusiez gain, beste zortzi talde ere arituko dira, horien artean nazioartean ospea duten artistak eta Espainiako Estatuko banda gazteak egonik.

Musika emanaldiez aparte, beste jarduera batzuk ere izango dira egitarauan, hala nola Iparraren eta Hegoaren arteko Bidezko Merkatua, beste kultura eta herrialde batzuetako gastronomia dastatzeko Munduko Terraza, eta kaleko banden kalejirak. Haurrentzako zenbait jarduera ere izango dira jaialdian, tailerrak eta ludoteka, esaterako.

Ohi denez, kontzertu eta jardunaldi guztietarako sarrera doakoa izango da. Jardunaldi bakoitza arratsaldeko taldeen eta artisten emanaldiekin hasiko da, Santa Eugenia (Erromo) plazako karpan, 19:00etan.

Areetako Geltokiko plazako karpan kontzertu nagusiak emango dira 21:30etik aurrera, eta horiek amaitutakoan, 23:45 inguruan, Munduko Terraza, Santa Eugenia plazan dagoena, gaueko kontzertuen agertokia izango da.

(Argazkia: www.getxo.net)