«« Itzuli
Bihotz Bakartien Klubak zuzeneko disko bat aterako du agurtzeko

2008/09/05
2006ko abenduan igo ziren lehen aldiz agertoki gainera Bihotz Bakartien Klubeko kideak Katamalo izeneko diskoa aurkeztera. Hainbat kontzertu eman zituen taldeak Euskal Herri osoan eta, 2008ko azaroaren 1ean, proiektuari amaiera ematea erabaki zuten. Baina, bat-batean, inolako trantsiziorik gabe bukatzea gogorra zela eta, taldeak "katamaloa behin betiko erantzi aurretik", zuzeneko disko bat kaleratzea pentsatu du. Laster aterako dute ERANTZI katamalo zuzenean lana.
2008ko ekainaren 26an Gernikako Lizeo antzokian egindako grabaziotik sortu dute ERANTZI katamalo zuzenean lana eta, bertan, ia bi urteko ibilbidean zuzenean eman dutena bildu nahi izan dute. Katamalo diskoko 7 kantuez gain, beste 14 kantu eta olerki topatuko ditugu bertan.
Gotzon Barandiaranen Katamalo liburua oinarritzat hartuta, Larrabetzuko Bihotz Bakartien Kluba talde literarioak izen bereko diskoa osatu zuen, "ez garena azaltzeko dugun beharraz, itxurakeriaz eta hipokresiaz hausnarketa egiteko".
Taldeak bi urteko epe honetan alboan izan dituztenei eskerrak eman nahi izan dizkie ohar baten bitartez: "Eskerrik asko etxekoei, lagunei, etsaiei, ezagunei, ezezagunei, zuenera gonbidatu gaituzuen antolatzaileei, gure emanaldietara hurreratu zareten guztiei, gure diskoa entzun eta liburua irakurri duzuenoi, gure emanaldien berri iragarri duzuenoi... Bitartean, Bihotz Bakartien Klubeko atzeko ateak zabalik dirau".
Dena den, agurtu aurretik hainbat kontzertu emango dituela ere iragarri du taldeak: irailaren 25ean, Bilboko Kafe Antzokian; urriaren 2an, Ortuellako Kultur Etxean; 9an Gasteizko Gaztetxean; 16an Iruñeko Gurutzeta plazako institutuen aretoan; 22an Donostiako Gazteszenan; eta, amaitzeko, abenduaren 1ean Durangoko Plateruenan.
