MUSIKA

Bide Ertzean bidelagun

Sareko txoko hau bisitatzeko ohitura duzuenok ezagutuko duzuen musikari baten taldea hartu nahi dut hizpide aste honetan, Imanol Ubeda blogari aritu baitzen tarte honetan bertan orain hilabete gutxira arte. Hamar urte ez ditu egunero betetzen musika talde batek eta kantuak sortuz eta zuzenekoak joz igarotako hamarkada osoa kontzertu berezi batekin ospatu nahi izan zuen Bide Ertzean taldeak pasa den ostiralean.

Tolosako Leidor leporaino bete zuen Bide Ertzeanek urteurren borobil honetan eta emanaldia grabatu egin zuten gainera, udazken inguruan CD/DVDan plazaratzeko. Taldearen hamarkadako ibilbide osotik aukeratutako ia bi dozena abesti jo zituzten Imak, Jonik eta Karlosek eta "Graffiti" izeneko abesti berri eta bizi bat aurkezteko ere probestu zuten zita. Kantuak okasioak merezi zuen eran janzteko, Fran Iturbe eta Joserra Semperena izan ziren oholtzan hirukoarekin batera. Eta emaitza, benetan bikaina.

Baina soinuaz gain, irudia ere bereziki zaindu zuen Bide Ertzeanek. Doinu bakoitza laguntzeko proiekzioak erabili zituzten eta taula lanparaz josi zuten, argiztapenarekin giro epel eta goxoa lortuz.

Eta oholtza gaineko giro epel eta goxoa Leidor osora zabaltzea lortu zuen Bide Ertzeanek ia bi orduko iraupena izan zuen emanaldi hunkigarrian. Horrelakoetan beti gertatzen den bezala, abestiren baten falta sumatu genuen baina hobe jendea gosez uztea gehiegizko betekadarekin baino, etorkizunean etor litekeena gogo gehiagoz har dezagun.

Nork: Maider Segurola.2009/01/23 10:21:59.142 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (1)

Erantzunak

Zorionak!

Musikaz beteriko hamar urte eman dizkigu talde honek. Ubeda anaiek eta bere talkideek lan bikainak egin dituzte, eta badirudi egingo dituztela, gure gozamenerako. Pena da Imanolek jada tarte honetan blogik ez idaztea! Ederrak ziren bai hemen utzi zizkigun dosi txiki haiek. Itzultzeko modurik bai?

Nork: Xaxari.2009/01/28 16:55:36.492 GMT+1

Erantzun





The CAPTCHA image

Mesedez irudian agertzen diren letrak sartu ondoko testu-kutxan.