Maider Segurola

La Oreja de Van Gogh
A las cinco en el Astoria" disko berria dela eta La Oreja de Van Gogh talde donostiarra elkarrizketatzeko aukera izan dut aste honetan. Azken hamabi urteetan taldeko abeslari izan den Amaia Monterok pasa den urteko azaroan iragarri zuen taldea utziko zuela eta Haritz, Pablok, Xabik eta Alvarok Leire Martinez hautatu zuten irundarrak utzitako zuloa betetzeko.

La Oreja de Van Gogh beti izan da oso talde gipuzkoarra, edo oso donostiarra esan beharko genuke agian. Santa Klara uhartea, Urgull mendia, Astoria zinema, Boulevarda Miramonekin lotzen duen 28 autobus linea… Asko dira talde honek bere kantuetako letretan erabili dituen Donostiako erreferentziak eta harro zabaldu dute gainera munduan zehar euren donostiartasuna. Kantatu, halere, beti egin dute gazteleraz eta sekula ez ditugu euskaraz abesten entzun.

Leire Martinez abeslari berria euskal hiztuna da eta euskaraz lan egiten dugun hedabideetan asko eskertu dugu mundu mailan hainbesteko oihartzuna duen talde bat gure hizkuntzan elkarrizketatu ahal izatea. Onartu behar dut, gainera, ospeak batere eragin ez dion musika taldea dela eta Kolonbian 60.000 lagunen aurrean kontzertua eman eta astebetera, Miramonen autografo bila hurbildu zaizkien gaztetxo batzuen emozioaren aurrean lotsatu egiten direla oraindik ere.

Zorionak La Oreja de Van Gogh taldeari lan berria izaten ari den arrakastagatik eta hemendik erronka… animatuko al dira inoiz diskoren batean euskaraz abesturiko doinuren bat gehitzen?

Eduki ala ez eduki, hor dago koxka
Ezaguna da makrokontzertuen gainean dagoen polemika. Aldekoek diote egun gutxiren buruan izen handiak ikusteko aukera ezin hobea dela eta kontrakoek, berriz, bertan eskaintzen diren zuzenekoen kalitatea ezin dela bestelako edozein kontzertu "pertsonaletakoekin" alderatu. Aldekoek diote prezio eskuragarri baten truke talde mordoxka bat ikus daitezkeela eta kontrakoek, berriz, lotsagarria dela pare bat kartelbururen aitzakian bonoek hartzen duten balio ekonomikoa.

Kontuak kontu 2009ko Bilbao BBK Live jaialdirako bonoak salgai dira dagoeneko. Eta oraindik kartelean izen bakarra: Depeche Mode. Datorren urteko uztailaren 9, 10 eta 11n egingo da Kobetamendin Euskal Herriko makrojaialdirik makroenaren laugarren edizioa eta bertan izango dira Andrew Fletcher, Dave Gahan eta Martin Gore udaberrian plazaratuko duten diskoa zuzenean defendatzen. Izen bakarra kartelean baina hauxe nahikoa da hiru eguneko bonoari ere izena jartzeko: 100 euro. Urtarrilaren 9ra arteko epean eros ahal izango da Bilbao BBK Live jaialdirako bonoa 100 eurotan.

Aldekoek 100 euroko eskaintza galdu ezineko aukera dela pentsatuko dute kartela taldez gainezka dagoenerako sekulako erosketa egina izango dutelako eta kontrakoek, berriz, ez luketela sekula 100 euro ordainduko zein talde ikusteko den jakin gabe. Aldekoek etxean izango dute honezkero zazpi hilabete barru egingo den festarako sarrera eta kontrakoek, berriz, aurrerago ikusiko dute sarrera erosteko ezer tentagarririk badatorren ala ez.

Nik itxaron egingo dut oraindik.

Countrya ala popa?
Countrya ala popa? John Mellencamp ala Coldplay? ABBA ala Ben Harper? Erlijio kutsuko abestiak ala doinu dantzagarriak? Alegia, McCain ala Obama?

Azkenean estatubatuarrek nahiago izan dute popa, Coldplay, Ben Harper eta musika dantzagarriaren alde egin eta Barack Obama aukeratu dute Ameriketako Estatu Batuetako hurrengo presidentea izateko. Kanpaina erraldoiak egin dituzte bai demokratek baita errepublikarrek ere eta musikak berebiziko garrantzia izan du ekitaldi hauek girotzeko garaian. Alderdi politiko bakoitzak tentuz aukeratu baitu soinu banda, eman nahi zuen irudia eta erakarri nahi zuen publikoa kontutan izanda.

Stevie Wonderren "Signed, sealed, delivered I'm yours" abestiarekin amaitu ditu bere hitzaldiak Barack Obamak eta, kanpainaren azken txanpan, Colplayren "Viva la vida" edo Aretha Franklinen "Respect" entzun dira, batez ere, demokraten hautagaiaren diskurtsoetan. Baina Etxe Zuriko bizilagun berria izango dena urrunago ere joan da eta kanpainan erabili dituen doinuak eta ibilbide nekez horretan alboan izan dituen musikarien proposamenak bilduko dituen diskoa ere plazaratuko du bere jarraitzaileek kanpainako soinu banda osoa eskura izan dezaten. McCain klasikoxeagoa izan da eta bildumarik ez kaleratzeaz gain, hitzaldietako abestietan nekazal munduari zuzendu zaio country estiloko abestiak hautatuta.

Datorren urtean egingo dira EAEko hauteskunde autonomikoak eta AEBetakoak bezain kanpaina ikusgarriak egin nahi badituzte behintzat, talde politikoek hasiak beharko dute dagoeneko abestiak aukeratzen. Zein doinurekin egingo ote dute dantza abertzaleek? Eta ikusiko al dugu popularrik edo sozialistarik gerria modako abestiren baten erritmora mugitzen? ...the show must go on!

EH Zuzenean
Euskal Herriko makrojaialdirik beteranoena nomada tokatu zaigu nonbait! Azken bost urteak Zuberoako Idauze-Mendin eman ondoren, iazko edizioaren aurkezpenean bertan aurreratu zuten antolatzaileek 2009rako kokaleku berria izango zuela festibalak, nahiz eta ez zuten ezer gehiago zehaztu. Azkenean, Nafarroa Behereko Heletan egingo da datorren urtean EH Zuzenean eta probintzia aldaketa ez ezik, larretik herri baterako saltoa ere badakar inguru berri honek berarekin.

Tristea dena, ordea, leku aldaketa hori behartua izan dela da. Makrojaialdiak nonahi eta noiznahi loratzen ari diren garai honetan, Euskal Herria Zuzenean jaialdira gero eta jende gutxiago gerturatu da azken edizioetan eta berriz ere publikoa erakarri nahian, Zuberoa utzi eta lehen bederatzi urteetan festibala hartu zuen Nafarroa Beherera doa berriz ere maletak eginda.

Ni neu ez naiz sekula EH Zuzenean jaialdian izan (neure burua zuritu nahian edo, festibala herriko San Pedro jaien pare-parean egokitu ohi dela esango dut) baina musikari euskaldun eta atzerritar interesgarri asko zuzenean ikusi eta entzuteko aukera paregabea dela ezin uka. Seguruenik REMek ez du sekula Heletan euripeko kontzerturik emango eta Johnny Rottenek ere ez du inoiz "Vive la France" milaka euskaldunen aurrean oihukatuko, baina Ruperren "Zaindu maite duzun hori" belaze batean etzanda entzuteak ez du preziorik. Eta beste guztietarako, berriz,... badakizue!

Zorionak, beraz, EH Zuzeneani eta Heletako herriari, eta urte askotarako!