««Itzuli
Erreportaje didaktikoak
The Monkees: musika eta telebista ikuskizuna (II)





Abestietan taldekideek eurek musika-tresnak ez jotzeagatik jasotako kritika gogorrez nekatuta, Kirschner ekoizleari presioa egin zioten taldean partehartze aktiboagoa izateko. Horrela, Headquartes kaleratu zuten, benetan talde bezala editatutako lehen LPa, eurek interpretatu baitzituzten kanta guztiak; sekulako arrakasta izan zuen gainera. Taldearen ospea gero eta handiagoa zen. 1968an, ordea, telebista-saioa emititzen utzi zuten eta, orduz geroztik fama galtzen joan zen The Monkees. 1970ean plazaratu zuten azken diskoa.
2007/09/14
The Monkeeseko kideek presio handia egin zioten Kirschnerri grabaketen gaineko kontrola eurek hartzeko. Ekoizleak azkenean amore eman zuen eta, horrela, orduz geroztik Nesmithek eta beste taldekideek askatasun osoa izan zuten nahi zuten musika egiteko. Gauzak horrela, 1967 urtearen erdialdean, Headquartes disko bikainak ikusi zuen argia. Bertan, hitzen idazketan pare hartu zuen laukoteak eta musika-tresnak ere eurek interpretatzen zituzten kanta guztietan. Horixe izan zen benetan talde bezala The Monkeesek kaleratu zuen lehen diskoa.
Chip Douglasek ekoitzitako LP horrek sekulako arrakasta izan zuen eta disko salduenen zerrendetan postu gorenean izan zen, besteak bete "Shades of gray", "For Pete's shake", "Forget that girl", "You just may be the one" eta "Mr. Webster" abestiei esker. Gainera, Dolenzek "Randy Scouse Git" konposatu zuen; Erresuma Batuan single formatuan editatu zuten eta chart zerrenda britainiarretan 2. postua eskuratuta.
Kontzertu-bira egin zuten AEBetan 1967ko udan, zuzenean ere euren kantak jotzeko gai zirela erakutsita. Single berri bi plazaratu zituzten urte horretan bertan, "Pleasant Valley Sunday" (3. postua) eta "Daydream believer" (lehen postua), hain zuzen ere.
Urtea amaitu aurretik, laugarren diskoa argitaratu zuten Pisces, Aquarius, Capricorn & Jones Ltd izenburupean. Lan bikain horri esker, LP salduenen listan lehen postuan izan ziren laugarrenekoz.
The Monkeesen telebista-saio ospetsuak 1968ko martxoan utzi zion emititzeari. Ondorioz, entzute handia galdu zuen taldeak. Handik hilabetera, The Birds, The Bees and The Monkees kaleratu zuten, aurrekoa baino maila txikiagoko diskoa. Halere, AEBetan 3. postuan izan zen. LP horren altxorretako bat "Vallery", Boycek eta Hartek idatzitako abestia, izan zen; hirugarren postua lortu zuen zerrendetan.
Telebista-saioa emititzen zenean taldeak zuen arrakastarekin jarraitu nahi zuten The Monkeesekoek eta, hori dela eta, Head (1969) pelikula psikodelikoa protagonizatzea erabaki zuten. Jack Nicholson aktoreak eta Frank Zappa ( II) musikariak parte hartu zuten filmean. Egia esan, publikoak ez zion harrera onik egin pelikulari eta porrota izan zen. Gauza bera pasatu zen soinu-bandarekin. Nahiz eta oso kanta onak ("Can you dig it" eta "Porpoise song", esaterako) izan, chart britainiarretan 45. postura baino ez zen iritsi.
Pete Tork baxu-jotzaileak taldea utzi zuen bakarkako ibilbideari ekiteko. Instant replay eta The Monkees present The Monkeesen hurrengo lanek (1969koak biak) ez zuten aurreko diskoetako arrakasta izan. Geroago, beste monkee batek ere alde egitea erabaki zuen, Nesmithek, hain zuzen. Musikari honek The First National Band sortu zuen ondoren. Micky Dolenz eta Davy Jones bikoteak Changes The Monkeesen azken LPa merkaturatu zuten 1970ean. Txikle soinua eta soula nahasten zituzten bertan.
Egun, askoren oroimenean dago The Monkees, bai izar bihurtzera eraman zituen telebista-saioa berriro eman dutelako baita euren ibilbidean hainbat kanta eta disko bikain kaleratu dituztelako ere.
(Argazkiak: www.monkees.net)
