MUSIKA

«« Itzuli

Erreportaje didaktikoak

Sex Pistols, punk britainiarraren iraultzaileak (I)

Sex Pistols, punk britainiarraren iraultzaileak (I)
Sex Pistols, punk britainiarraren iraultzaileak (I)
Sex Pistols, punk britainiarraren iraultzaileak (I)
Sex Pistols, punk britainiarraren iraultzaileak (I)
Sex Pistols, punk britainiarraren iraultzaileak (I)

70eko hamarkadako rock progresiboa komertzialegia eta landuegia zela uste zuen Britainia Handiko gazteen multzo batek. Estilo horri aurka egin zion talde bat sortu zen 1975ean, Sex Pistols izenpean. Jarrera oldarkorreko punka egiten zuten eta, kanta anarkisten bidez, kritika sozial eta politiko gogorrak egiten zituzten. Malcolm Mclaren managerra zuen talde honek hasieratik sortu zuen polemika. EMI diskoetxean lehen singlea, "Anarchy in the UK", editatu zuten, baina behin eta berriz iskanbiletan zebiltzanez, kaleratu egin zituzten bertatik.

2007/10/19

1972an, The Strands taldea jaio zen, Steve Jones mikrofonoan, Paul Cook baterian eta Wally Nightingale gitarran jarri zirela. Garai hartan, sarri joaten ziren Let It Rock izeneko arropa-dendara (geroago SEX deituko zena); jabea Malcolm McLaren zen. Euren musika sortzeko New York Dolls estatubatuarren rock estiloan oinarritzen zen taldeak Glen Matlock, McLarenen dendako langilea, fitxatu zuen lau hariko musika-tresnaren ardura hartu zedin.

Jones eta Cook musikariek baten baino gehiagotan eskatu zioten McLareni taldearen managerra izateko, baina honek eskaintza horiei ezetz esan zien, Nightingale bandan jarraitzen zuen bitartean bera ez zela haien ordezkaria izango esanez. 1975. urtean, lur estatubatuarretara joan zen McLaren. Bertan, New York Dollsen ibilbideari bultzada berria ematen saiatu zen; ez zuen helburu hori lortu, ordea.

AEBetatik ekarritako ideia berriak

AEBetan zegoela, The Ramones zuzenean ikusteko aukera izan zuen McLarenek. Halere, deigarrien gertatu zitzaiona Richard Hell Television taldeko baxu-jotzailearen estetika izan zen. Ile motza eta harrotuta zeraman Hellek, eta arropa hondatuaz janzten zen. Hellen itxura eta jarrera horretan inspiratuta, McLarenek bere dendako diseinuetan berrikuntzak sartu zituen. Sex Pistolsen irudi hauslea sortzeko ere Hellen look horretan oinarritu zen.

Ingalaterrara itzuli zenean, Steve Jonesi, Paul Cooki eta Glen Matlocki esan zien taldearen managerra izango zela Nightingale kaleratzen bazuten; horrela egin zuten. Orduan, hirukoteak izen berria hartu zuen: The Swankers.

Rotten abeslariarekin Sex Pistolsak jaio ziren

Urte horietan, John Lydon (geroago Johnny Rotten) SEX denda zegoen ingurutik ibiltzen zen maiz, ilea berdez tindatuta eta "I hate Pink Floyd" (Pink Floyd gorrotatzen dut) esaldia zuen kamiseta bat zeramatzala. Harekin batera, bere lagun bat joaten zen, Sid Vicious, hain zuzen. Handik denbora batera, taldera batuko zen eta punk mugimenduan funtsezko pertsonaia bihurtuko zen. Sex Pistols izena hartuko zuen talde berriko abeslaria izateko eskatu zioten Johnny Rotteni McLarenek eta taldekideek.

Sex Pistolsen lehen kontzertua 1976ko azaroaren 6an izan zen, Londresen. Denbora gutxian, talde polemiko egin ziren, eszenatoki gainean erakusten zuten jarrera oldarkorra zela eta. EMI diskoetxearekin kontratua sinatu ostean, lehen singlea kaleratu zuten bertan, 1976ko azaroan. "Anarchy in the UK" deitzen zen kanta arrakasta zerrendetan sartu zen eta punk mugimenduaren borrokarako abesti bihurtu zen.

Hori izan zen EMI produkzio-etxearekin plazaratu zuten lehen eta azkeneko singlea, izan ere, diskoetxeak kaleratu egin zituen euren jokabide iskanbilatsuagatik eta hainbat eskandalurengatik. Halere, etengabeko istilu eta probokazio horiek izan ziren ospetsu egin zituztenak.

(Argazkiak: 1, 2, 3 eta 4. www.sex-pistols.net. 5. en.wikipedia.org)