MUSIKA

«« Itzuli

Erreportaje didaktikoak

The Eagles: oso goitik hegaz egin duten arranoak

The Eagles: oso goitik hegaz egin duten arranoak
The Eagles: oso goitik hegaz egin duten arranoak
The Eagles: oso goitik hegaz egin duten arranoak
The Eagles: oso goitik hegaz egin duten arranoak
The Eagles: oso goitik hegaz egin duten arranoak
The Eagles: oso goitik hegaz egin duten arranoak
The Eagles: oso goitik hegaz egin duten arranoak

The Eaglesek 1972an eman zion gora beheraz jositako hegaldiari hasiera. Uneren batean atzaparrekin musikaren zerua ukitzera ere iritsi direla esan daiteke. Halere, ez da arrosaz jositako ibilbidea izan, pare bat aldiz habian sartuta eman behar izan dute denboraldi luzea, baina berriz indarrak batu eta oso goitik hegan egitera iritsi dira. Gaur egun oraindik ziztada puntual batzuk ematen jarraitzen dute, hil zorian dagoen arranoaren antzera. Goia "Hotel California" abestiarekin jo zuten. 120 miloi disko baino gehiago saldu dituzte, AEBetako lehen postuan bost aldiz izan dira eta 4 Grammy sari ere dituzte jada. Hastapenetan beste edozein rock talderen gisara beren doinuek ukitu bakezalea zuten, halere denborarekin rock estilo argia hartu dute.

2008/03/14

The Eagles taldearen historia Glen Frey (abeslaria) eta bere lagun Don Henley (bateria), Linda Rondstandek gidatzen zuen taldera batu zirenean hasi zen. Bertan hilabete batzutan ibili eta euren kabuz talde bat sortzea erabaki zuten. Horretarako, Bernie Leadon (korda) eta Randy Meissner (baxua) batu zitzaizkien. Geroago, Joe Walsh (gitarra eta koruak), Don Felder (gitarra) eta Timothy Schmitt (baxua) musikari handiak ere sartu ziren taldean.

Taldea 1972an estreinatu zen, Take It Easy diskoarekin. Bigarren lana Desperado (1973) izan zen eta 1975ean On The Border diskoa kaleratu zuten, lehen postuan izan zen "The Best of My Love" abestia ederra duena.

Hurrengo lanak (One Of These Nights) 70eko hamarkadaren erdialdera gazte estatubatuarrek euren herrialdearekin zituzten desadostasunak islatzen ditu. Disko hau argitaratzerakoan jaso zuten presioaren eraginez, Bernie Leadonek taldea utzi eta bere lekua Joe Walshek hartu zuen, rock kutsu handiagoa ekarri zuen taldera azken honek.

Ondorengo urratsa Their greates hits 1971-75, taldeak ordura arte kaleratutako azken lau lanak biltzen zituen bilduma, argitaratzea izan zen.

Taldeko sei kideak arduratzen ziren melodiak konposatzeaz. Une latzak bizitzen ari ziren, hasieran ez baitzuten askorik saltzen, hala ere ez zuten etsi eta 1976an Hotel California lanarekin zerua ukitu zuten. Abestia AEBetako mendebaldeko irratietan entzuten hasi zen, baina melodiak ez zuen denbora askorik behar izan Amerika guztian zabaltzeko.

Urte beteren buruan, hiru platinozko disko, urteko disko onenaren Grammy saria eta beste Grammy bat "New Kid in Town" abestiagatik jaso zituen, nahiz eta jarraitzaileentzat "Hotel California" izan albumeko kantu kuttuna. Askoren ustez inoizko kanturik onena da abesti hori, eta gaur egun musikako zerrendetan 10 abestirik garrantzitsuenetan azaltzen da.

"Hotel California"

Don Henley musikagileak idatzitako abestia Los Angeleseko rock mugimenduan dago kokatuta, kokainaz jositako inguru batean. Taldeak AEBetako gizartearekiko zuen ikuspegi gazi-gozoa eskaintzen du, hotel bateko leiho batetik, drogen mundua irudikatzen duen "Hotel California"-tik, hain zuzen. Dena dela, kritikari batzuek abestiaren hitzetan deabrukeria eta drogen aldeko ñabardurak antzeman dituzte, garai haietan modan zeuden beste hainbat kantutan ere ohikoa zen gai hauen presentzia.

Gorabehera etengabeak

Taldekideen artean liskarrak eta tirabirak areagotu ziren eta ondorioz banantzea beste irtenbiderik ez zuten izan. Aurretik, giro nahasi horretan arrakasta izugarria izan zuen The Long Run kaleratu zuten; "Heartache Tonight" eta "I Can't Tell You Why" bezalako abesti ezagunak agertzen dira bertan.

1980. urtearen hasieran, taldekide bakoitzak bakarkako bideari ekin zion eta azken bi bildumen ostean jotzeari utzi zion The Eaglesek.

1994an, denbora luze baten ondoren eta urteetan berriz jotzearen truke hainbat eskaintzari ezetza eman eta gero, bueltatzea erabaki zuten, 4 abesti berri eta 11 ezagun biltzen zituen Hell Freezes Over diskoarekin.

Azken lanaren ostean 8 urteko etenaldia hartu zuten, eta 2003an The Complete Greatest Hits bilduma bikoitzarekin bueltatu ziren, ibilbide guztiko kanturik onenak biltzen zituen albumak.

Long Road Out of Eden da gaur egun arte The Eagles talde estatubatuarrak argitaratutako azkeneko lana. Estudioko zazpigarrena da, askoren iritziz taldearen akabera suposatuko duena, baina gosez hiltzen ari den arranoaren gisara, bueltatzen bada, ziur egon ez duela aurre egingo dion etsairik bidean aurkituko.

(Argazkiak: www.eaglesband.com)