«« Itzuli
Erreportaje didaktikoak
Elvis Costello, musikari aldakorra







Joan den hilabetean Elvis Costello musikari aldakorraren azken lana kaleratu zuten, Momofuku. Punkaren sorreran grabatu zituen bilduma famatuenak gogorarazten dituzten hamabi abesti zuzen, indartsu eta berehalako bildu ditu lan berrian. Momofuku diskoarekin poparen egituretara itzuli da Elvis Costello, garai batez jazz musikan aritu eta ballet baterako musika idatzi ostean.
2008/06/27
Declan Patrick MacManus (Elvis Costelloren benetako izena) Londresen jaio zen, 1954ko abuztuaren 25ean. Oso txikia zelarik hasi zen musika entzuten, izan ere, bere ama, Lillian MacManus, disko denda bateko arduraduna zen eta bere aita, Ross MacManus, tronpetaria eta abeslaria. Hasieran jazza eta musika klasikoa zituen gustukoen, eta gaztaroan Beatles taldearen eta beste banda britainiar batzuen musika entzuten hasi zen.
1971n, 17 urte zituela, amarekin Birkenhead hirian bizi zen Declan gazteak bere lehen taldea sortu zuen, Rusty. 1973an talde hori utzi eta Londresera itzuli zen. Bertan, pub-rockeko musikariekin harremana izaten hasi zen eta laster banda berria sortu zuen, Flip City. 1974. urtetik 1976.era jo zuen taldean, baina azkenik banandu egin ziren eta Costello zuzenekoak ematen eta D.P Costello izenarekin demoak grabatzen hasi zen.
Jake Riverak, Stiff Records diskoetxe independentearen jabeak, Costello kontratatu zuen bakarlari gisa eta honek iradoki zion rockaren erregearen izena har zezan. Elvis Costellok grabatu zuen lehen diskoa My aim is true (1977) izan zen, new wave lan aparta. Horren lehen singlea "Less than zero" zen, eta biltzen zituen beste abestietako batzuk dira "Alison", "No dancing" eta "Watching the detectives". Lehen bilduma hau kritikari zein entzuleei asko gustatu zitzaien eta zerrenda britainiarretan 14. postua lortu zuen.
Attractions bandarekin batera This year's model kaleratu zuen, oraindik ere punk kutsua zuena. Horrekin, bolada arrakastatsu bat hasi zuen, aurrekoak baino popagoa zen Armed forces (1979) eta soul eta R&B musika zituen Get happy (1980) lanekin jarraitu zuena. Hauek garaiko bilduma onenentzat jo zituzten.
Ondoren iritsi ziren Trust (1981) bikaina, Almost Blue (1981) diskoko country abestien bertsioak, popera itzulia zen Imperial Bedroomekin (1982), Punch the clock (1983) eta Goodbye Cruel World (1984).
1986ko King of America lanarekin bere lehen aroko folk eta country sustraietara bueltatu zen. Kaleratu zuen hurrengo diskoa Blood and Chocolate (1987) izan zen, eta bertan berriro grabatu zuen The Attractions bandarekin, izan ere, aurreko lanean abesti batean besterik ez baitzuten kolaboratu.
1989an berriro utzi zuen Attractions alde batera eta Paul McCartneyrekin elkarlanean grabatu zuen Spike. Bere gaztetako idoloetako bat zen artistarekin batera idatzi zuen "Veronica" abesti ederra entzun zitekeen lan horretan.
Laurogeita hamarreko lehen erdian, ondorengo lanak kaleratu zituen: Mighty like a rose (1991), The Juliet letters (1993, hari laukote batekin grabatu zuen), Brutal Youth (1994) berriro ere Attractionsekin, eta Kojak Variety (1995), besteak beste Bob Dylanen, Little Richarden edota Supremesen bertsioak biltzen zituena.
1996an Elvis Costellok All this useless beauty, 90eko bere lan onenetakoa kaleratu zuen, eta 1998an Burt Bacharach musikagileen maisuarekin, bere idoloetako batekin, Painted from memory grabatu zuen. Garai hartan atera zen baita ere The sweetest punch (1998), Bill Frisell gitarristarekin zuzenean grabatutako lana.
2001ean, eta musika klasikoa oso gustuko duela erakutsiz, Costello Anne-Sofie Von Otter mezzosoprano suediarrarekin elkarlanean aritu zen eta For the stars lana ekoitzi zion. 2002an The Impostersekin, bere banda berriarekin, jotzen hasi zen eta When I was cruel kaleratu zuten. Hortik aurrera, diskoak grabatzen jarraitu zuen, aipagarrienak The Delivery Man (2004) eta The River in Reverse (2006).
2003an Diana Krall jazz abeslariarekin ezkondu zen musikari hau harro dago zer egingo duen inork ez dakien artista izateaz. Elvis Costello artista nekaezin eklektikoak beti harritu izan ditu denak, musika estilo asko sortuaz eta joaz, hala nola rocka, countrya, reggaea, jazza, musika klasikoa eta baita opera ere.
(Argazkiak: 1, 2, 3, 4 eta 5: www.elviscostello.info; 6 eta 7: www.elviscostello.com)
