«« Itzuli
Erreportaje didaktikoak
Van der Graaf Generator, rock progresibo britainiarren sortzaileak (I)







70eko hamarkadako Manchesterreko talde honen soinuak Peter Hammillen ahots dinamikoaren eta Dave Jacksonen saxofoiaren ukitu elektronikoen arteko nahasketa zuen ezaugarri. VdGG elektrizitate estatikoa sortzeko diseinatutako makina batean oinarrituta hartutako izena zen. Taldea 1972an banandu zen lehenekoz.
2008/07/04
1967an, Manchester hiri ingelesean, hiru unibertsitario elkartu egin ziren Van der Graaf Generator (VdGG) izeneko taldeari forma emateko. Hasieran, jazz eta blues erritmoak lantzen zituzten. Peter Hammill gitarrista eta kantariak, Nick Pearne teklistak eta Chris Judge Smith bateria eta haize-instrumentistak osatzen zuten hirukotea.
Mercury Records diskoetxeak kontratu bat eskaini zion VdGGi; halere, Hammillek baino ez zuen sinatu. Talde sortu eta hilabete gutxitara, Pearne eta Smith proiektutik irten ziren eta, haien ordez, Hugh Banton organista eta Guy Evans bateria-jotzailea sartu ziren. Keith Ian Ellis baxu-jotzailea ere fitxatu zuten.
Taldekide horiek "The people you were going to" eta "Firebrand" abestiak zituen singlea grabatu zuten Polydor Recordsentzat. Horrek zenbait arazo sortu zizkien, izan ere, alde batetik, Hammillek Mercuryrekin bakarlari gisa zeukan kontratua urratu zuen, eta, bestetik, produkzio-etxe horrekin Hammillek sinatu zuen baldintza berdinetan sinatzeari uko egin zioten gainerako kideek.
Gatazka horiek tarteko, VdGGko musikariak 1969 urtearen hasiera aldera banadu egin ziren, nahiz eta hainbat zuzeneko arrakastatsu egiten ari ziren.
Gauzak horrela, Hammillek bakarkako lehen LPa grabatu zuen, The Aerosol Grey Machine izenburupean. Egia esan, Bantonek, Evansek eta Ellisek ere hartu zuten parte disko horretan, estudioko musikari lanetan. 1969ko uztailean merkaturatu zuten bilduma, Mercuryren eskutik. Taldearen izena zeraman diskoak, Hammillek bakarlari gisa zeukan kontratuaz askatzearen truke.
Soinu ilunago eta progresiboagoak
Charisma Records jaio berriarekin kontratua sinatu zuen VdGGek. Ondoren, Ellisek taldea uztea erabaki zuen; Nick Potterrek hartu zuen orduan lau hariko musika-tresnaren ardura. Gainera, Dave Jackson saxofonista eta flautista batu zitzaien. Aldaketa horien ostean, estudioko hurrengo lana grabatu zuten: The least we can do is wave to each other (1970).
"Refugees", "Out of my book" eta "After the flood" kantak jasotzen zituen disko horrekin, lehen bildumako eragin psikodelikoa albo batera utzi eta rock progresiboan sakondu zuten britainiarrek.
H to He, Who Am the Only One, VdGGen diskorik onenetakotzat hartzen dena, 1970ekoa da. "The Emperor in his war room" kanta grabatzeko, Robert Fripp gitarristaren laguntza izan zuten. Estudioan zeudela, Potterrek taldea utzi zuen eta baxu-jotzailerik gabe aurrera jarraitzea beste kideek. Horrela, Hammill, Jackson, Banton eta Evans VdGGen taldekide klasikotzat hartzen dira.
Bere disko bikainenetako beste bat 1971n editatutako Pawn Hearts izan zen; bertan ere Frippek lagundu zuen. Hiru kantek baino ez zuten osatzen bilduma hori: "Lemmings", "Man-Erg" eta "A plague of lighthouse keepers". Azken hori 23 minutuko abesti kontzeptuala zen.
Manchesterrekoek hainbat hiritatik bidaiatu zuten 1970 eta 1972 urteen artean, baina ez zuten diskoetxearen laguntzarik jaso eta, ondorioz, banandu egin ziren 1972an. Hammillek, berriz, bakarkako ibilbideari ekin zion.
(Argazkiak: www.vandergraafgenerator.co.uk)
