MUSIKA

«« Itzuli

Erreportaje didaktikoak

Van der Graaf Generator, rock progresibo britainiarren sortzaileak (II)

Van der Graaf Generator, rock progresibo britainiarren sortzaileak (II)
Van der Graaf Generator, rock progresibo britainiarren sortzaileak (II)
Van der Graaf Generator, rock progresibo britainiarren sortzaileak (II)
Van der Graaf Generator, rock progresibo britainiarren sortzaileak (II)
Van der Graaf Generator, rock progresibo britainiarren sortzaileak (II)
Van der Graaf Generator, rock progresibo britainiarren sortzaileak (II)
Van der Graaf Generator, rock progresibo britainiarren sortzaileak (II)

1972an banandu ostean, Hammill, Evans, Banton eta Jackson VdGGeko kide klasikoak eszenatokietara itzuli ziren, 1975ean. Lau disko (zuzeneko bat) grabatu zituzten 19778an tadea desegin baino lehen. Noizbehinka, elkarrekin jo izan dute eta, 2006tik aurrera, hirukote bezala egin dute aurrera, Jackson gabe.

2008/07/11

1972an taldea desegin baino urtebete lehenago, Fool's Mate kaleratu zuen Peter Hammillek bakarka. Geroago, Chameleon in the shadow of the nigth diskoa merkaturatu zuen 1973an, In camera eta The silent corner and the empty stage 1974an, eta Nadir's big change 1975ean.

1975ean, hain zuzen, Banton, Evans eta Jackson kide ohiekin elkartu zen berriro Hammill, VdGG izenari helduta. Laukotearen itzulera Godbluff (1975) bikainaren eskutik etorri zen. Taldeko musikariek eurek ekoitzi zuten diskoa, eta soinu biziagoa, konplexuagoa eta emozio gehiagokoa landu zuten bertan. 1976an agertu zen Still Life ere oso lan ona zen.

1976an World record publikatu ostean, Bantonek eta Jacksonek proiektutik alde egin zuten eta aurretik taldean aritutako beste kide bat sartu zen: Nick Potter. Graham Smith biolinista ere batu zitzaien.

Gauzak horrela, The Quiet Zone/The Pleasure Dome argitaratu zuten 1977an. Bantonen eta Jacksonen soinu berezia izan ez arren, besteak beste "Cat's eye", "Lizard Play" eta "The Sphinx in the Face" abestiek arrakasta izan zuten.

1978an, taldeak, Van der Graaf deitzera pasatu zenak, Vital LP bikoitza grabatu zuen zuzenean. Lan horretarako, Charles Dickie txeloa sartu zen taldean. Diskoak argia ikusi baino lehen, 1978ko udan ofizialki banandu egin ziren.

Hammillek, bere aldetik, bakarkako ibilbidearekin jarraitzen zuen, eta 1977an Over, bere diskorik arrakastatsuenetakoa plazaratu zuen. Lan horretan ere, VdGGeko kide batzuen laguntza izan zuen.

Talde britainiarraren desagertzearen ostean, 1972tik 1975era entseguetan grabatutako materiala zeukan diskoa publikatu zuten. Time Vaults (1982) titulua zeraman.

Laukote klasikoaren noizbehinkako emanaldiak

VdGGeko taldekide klasikotzat hartzen diren Hammill, Baton, Jackson eta Evans zenbait aldiz aritu ziren oholtza gainean elkarrekin 1978an banandu eta gero.

Horrela, 1991n, David Jacksonen emaztearen urtebetetze egunean abesti batzuk interpretatu zituzten. 1996an, berriz, "Lemmings" jotzeko elkartu ziren Hammillek eta Evansek Londresen eman behar zuten kontzertu batean.

2003 urtean, laukote mitikoak beste behin jo zuen, kasu hartan "Still Life" abestu zuten Londresen. Agerpen hori eta gero, kanta berriak idazteari eta konposatzeari ekin zioten eta horren emaitza 2005ean ikusi zuten, Present disko bikoitzean.

2005eko maiatzean, VdGGen batze-kontzertu bat egin zuten Royal Festival Hallen, Londresen. Ondoren, bira bati ekin zioten Europan zehar.

Nahiz eta garai hartan Peter Hammillek baieztatu VdGGen kide klasikoek ez zutela berriro elkarrekin grabatuko ezta kontzerturik emango, 2006ko irailean Hammillek berak iragarri zuen taldeak aurrera egingo zuela Jackson gabe, hots, hirukote gisa.

Van der Graaf Generator taldeak orain arte editatu duen azken diskoa Trisector da, 2008ko martxoan argitaratutakoa.

(Argazkiak: www.vandergraafgenerator.co.uk)