«« Itzuli
Erreportaje didaktikoak
Crosby, Stills, Nash and Young





CSNY 1968an sortutako rock and roll eta folk rock musika taldea da. Hippie pentsamoldearen adierazgarri, zorrotzak ziren euren satira sozial, kultural eta politikoetan, inolako harrokeriarik gabe.
2008/08/08
Hasieran, Graham Nash gitarristak, David Crosby abeslari eta gitarristak, eta, Stephen Stills, gitarrista eta baxu-jotzaileak osatu zuten CSNY taldea. Guztiak talde ezberdinetatik zetozen: The Hollies, The Byrds eta Buffalo Springfield taldeetatik, hurrenez hurren.
Ahots sinkronizazio ezin hobea zuten eta euren gitarra akustikoekin akorde eta melodia estilizatuak, harmonikoak eta sendoak lortzen zituzten. Folk edo rock doinuetatik, pop, psikodelia edo soft-rock doinuetara bidaiatzen zuten. Horrez gain, abesti libertarioak, bakezaleak, ekologistak eta progresistak konposatzen zituzten, maitasuna, sexua eta drogak ahaztu gabe.
1969an euren lehen Lpa, Crosby, Stills & Nash argitaratu zuten, arrakasta handia lortuz. Lanak "Suite: Judy Blue Eyes", "Marrakesh Express" edo "Wooden Ships" kantak zituen, besteak beste.
Gainera, 60ko hamarkadan Kalifornian finkatutako hainbat artistek hartu zuten parte diskoan, Chris Hillman, Jerry Garcia, Art Garfunkel, Carole King, Joni Mitchell, John Sebastian eta Neil Young, besteak beste.
1969an, Woodstockeko Jaialdi ospetsuan agertu baino apur bat lehenago, Young gitarrista, Buffalo Springfield taldean jatorrian zuena, hirukotera batu zen.
CSNY laukoteak disko bikaina grabatu zuen, Deja Vu (1970), AEBetako lehen postura helduz. Four Way Street (1971) zuzeneko lanak postu bera lortu zuen eta "Triad", "Chicago", "Songs for beginners", "Cowgirl in the sand" eta "Southern man" abestiak zituen, besteak beste.
Ezinbesteko lan hauen ondoren, egoen bateratzeak giro txarra sortu zuen taldea banatuz eta laurek bakarkako ibilbideak hasiz.
1974an zuzenean jotzeko batu ziren, baina diskorik grabatu gabe. Hala ere, euren disko-etxeak aukera aprobetxatu eta So far (1974) bilduma editatu zuen, berriz ere AEBetan postu gorenena ailegatuz.
Zazpi urteren ondoren, Crosby, Stills & Nashek, Neil Young gabe, CSN (1977) lana argitaratu zuten, besteak beste, "Dark Star", "Carried away", "Cathedral", "Shadow Captain", "In my dreams" eta "Just a song before I go" kantekin.
Euren azken etapan, Daylight Again (1982), American Dream (1988), Neil Youngekin, Live it Up (1990), After the storm (1994) eta Looking Forward (1999), Youngekin berriz ere, grabatu zituzten. Hala ere, lan hauek ezin dira hasierako LPekin konparatu.
(Argazkiak: www.csny.com )
