MUSIKA

«« Itzuli

Erreportaje didaktikoak

Alan Parsons (Project), musika kontzeptuala alde guztietatik

Alan Parsons (Project), musika kontzeptuala alde guztietatik
Alan Parsons (Project), musika kontzeptuala alde guztietatik
Alan Parsons (Project), musika kontzeptuala alde guztietatik
Alan Parsons (Project), musika kontzeptuala alde guztietatik
Alan Parsons (Project), musika kontzeptuala alde guztietatik
Alan Parsons (Project), musika kontzeptuala alde guztietatik
Alan Parsons (Project), musika kontzeptuala alde guztietatik

Alan Parsonsen historia soinuz beteta dago, bai ingeniari gisa egindako lanarengatik, baita sortzaile gisa egindakoarengatik ere. Londresen jaio zen 1949ko abenduaren 20an, eta txiki-txikitatik musikarako joera azaldu zuen. Haren alderdi teknikoa zuen aukera gustukoena, eta bide horretatik EMI disko-etxean soinu-ingeniari moduan nabarmendu zen. 20 urte besterik ez zuela Abbey Road estudioei itxura eta sona eman zien soinu-ingeniarien taldeko parte izan zen.

2008/08/29

The Beatles taldearen Sgt. Pepper's diskoak eragin zuen Alan Parsons grabazio-estudioetako kontrolen atzera pasa zedila, bilduma batek ezkutatzen dituen sekretuak ezagutzeko irrikan baitzegoen. Ez zuen denbora larregi behar izan kontrolen atzean zeukan iaiotasuna azalerazteko, eta horrek Abbey Road (The Beatles) izeneko diskoan soinu-ingeniariaren laguntzaile gisa parte har zezala ekarri zuen.

Handik aurrera ingeniari eta diskoen ekoizle gisa egindako bere ibilbidea nabarmentzeko modukoa izan da, besteak beste, Dark Side of the Moon (Pink Floyd) edota Wild Life eta Red Rose Speedway (Paul McCartney & Wings) lanen grabazioan esku hartu zuen; lehendabizikoarekin, gainera, Grammy saria eskuratu zuen.

1975ean baina, Eric Woolfson estudio-teknikari handiarekin batera, konpositorea eta abeslaria ere badena, The Alan Parsons Project musika-taldea eratzera animatu zen. Aurreko biei, geroago, Andrew Powell gaineratu zitzaien orkestratzaile eta moldatzaile gisa. 1976an debutatu zuten Tales of Mystery and Imagination diskoarekin, Edgar Allan Poek idatzitako kontakizunetan oinarritutako bilduma.

Estreinaldi arrakastatsu horren ostean, taldea beste disko kontzeptual batekin bueltatu zen, kasu honetan I Robot (1977). Diskoak Isaac Asimoven zientzia fikziozko eleberri bat du abiaburutzat. Lan horretan bai Parsonsek bai Woolfsonek beren irudimen osoa eta soinu-asmakizun guztiak plazaratu zituzten, eta haren emaitza garai hartarako oso aurreratua zen bilduma izan zen. Gainera, diskoa nahasterakoan egindako moldaketak paregabeak ziren, eta lan hark Jean Michel Jarre edota Mike Oldfield bezalako musikariei bidea erakutsi zien musika-ikerketa arloari dagokionez.

1978an Pyramid agertu zen. Bilduma hark kondairazko eta misteriozko kontaketetan sakontzen zuen, nahiz eta Beatles taldearen eragina nabaria zen. Eve (1979) lanak, berriz, emakumeen unibertsoa islatzen zuen, eta The Turn of a Friendly Card (1980) diskoan kasinoen eta karta-jokoen gaia landu nahi izan zuten.

Eye in the Skyren arrakasta

Alabaina, 1982an lortu zuen bandak behin betiko ospea. Urte horretan Eye in the Sky kaleratu zuten, eta bertan izen bereko single salgarria zegoen, Woolfsonek berak abesten zuena. Abesti hark Alan Parsons Project bandak pop orkestralaren alde egiten zuen joera azaltzen zuen, eta horrek salmenta izugarriak izan zitzatela ahalbidetu zuen.

Horren atzetik Ammonia Avenue (1984), Vulture Culture (1985), Stereotomy (1986) eta Gaudi (1987) agertu ziren. Horiek guztiek ez zuten Eye in the Sky lanak izandako salmenta-maila eskuratu, nahiz eta jarraitzaileen onespena izan diskoek zeukaten musika-egituren antolaketa erakargarriari esker, eta horrek haien obra Britainia Handian rock sinfoniko alorrean egindakoen artean interesgarrienetakoa izatea ahalbidetu du.

Kalitate handiko euren kontzeptuzko bildumek 1970eko hamarkadan zehar eta 1980koaren erdialdera arte arrakasta handia izan zuten, eta horietako zenbait kultuzkotzat hartzen dira beren originaltasunarengatik eta edertasunarengatik. Aitzitik, Parsonsen eta Woolfsonen arteko lankidetza Sigmund Freud psikiatraren inguruko Freudiana (1990) lana egin zutenean bukatu zen.

Gauzak horrela, Eric Woolfsonek antzerki musikaletan konpositore gisa jarduteko utzi zuen taldea, eta, bitartean, Alan Parsonsek rock sinfonikoko diskoak grabatzen segitu du The Alan Parsons Band izenburupean. Horren adierazle dira, besteak beste, Try Anything Once (1994), On Air (1996), The Time Machine (1999), H.G. Wells idazlearen izen bereko liburua ardatz moduan hartzen duena, edota oraintsuagokoa den A Valid Path (2004).

(Argazkiak: www.the-alan-parsons-project.com)