««Itzuli
Erreportaje didaktikoak
Musikaren iraultza XX. mendean: Igor Stravinsky (I)





XX. mendean aurrerapen handiak egin ziren alor guztietan, baita musikan ere. Ordura arte pentsaezinak ziren musika-estiloak sortu ziren: jazza, rocka edota popa adibidez. Mende honetan, gainera, musika landu eta ez landuaren arteko bereizketa egin zuten batzuek. Bada, musika landuaren alorrean Stravinsky izan zen XX. mendeko musikagile nabarmenena. Besteak beste, Petrushka eta Pulcinella baletak eta Salmoen sinfonia konposatu zituen.
2005/02/25
Musikak oso eboluzio handia jasan zuen XX. mendean, eta gauza erabat apurtzaileak egin ziren. Musikagile guztiek, musika landua zein ez landua egiten zutenek, bide berriak probatu nahi izan zituzten, eta saiakera asko egin zen. Hala ere, lehenengo urteetako laneai, oraindik ere antzematen zaizkie XIX. mendeko Erromantizismoaren aztarnak.
I. Mundu Gerraren ondoren, aldiz, aldaketak hasi ziren. Vienako eskolak, esaterako, aurreko urteetako tradizioa hautsi eta dodekafonismoa, eskala kromatikoko hamabi notak haien arteko hierarkiarik ezarri gabe erabiltzen dituen sistema, eta musika atonala sortu zituen. Gainera, maila xumeagoko musikan ere aldaketa handiak izan ziren eta genero ugari sortu: jazza, bluesa, rocka, popa, musika elektronikoa...
Musika landuari dagokionez, Igor Stravinsky da XX. mendeko konposatzailerik ezagunenetarikoa. Oranienbaumen, San Petersburgotik gertu (Errusia), jaio zen 1882ko ekainaren 17an. Musika oso garrantzitsua zen haren familiarentzat eta, beraz, txikitan ikasi zuen pianoa jotzen. Ondoren, aitarengandik jaso zuen ezagutzari esker, konposatzen ikasteko aukera izan zuen Rinsky-Korsakoven eskutik.
Musika ibilbidea 1909an hasi zuen Stravinskyk. Orduan ezagutu zuen Sergei Diaghilev enpresaburua eta honekin egin zuen lan hainbat urtetan. Hasiera batean Chopinen bi pieza orkestrarako moldatzeko eskatu zion, gerora, Silfideak baletean erabiltzeko. Handik urtebetera, 1910ean, ezagun egin zen mundu osoan Suzko txoria lanarekin.
1911an, Petrushka baleta eszenaratu zen Parisen eta arrakasta itzela lortu zuen. Ondoren, lanean gogor jarraitu zuen Udaberriaren sagaratzea amaitu arte. Lan hau Pierre Monteuxek zuzendu zuen eta koreografia Nijinskirena izan zen, eta kritikariek ez zuten batere ondo hartu.
Garai hartan, hainbat kantata eta Japongo poesia oinarri duten abestiak idatzi zituen. Stravinskyren lana bere estilo propiora gerturatzen joan zen poliki-poliki: harmonia alde batera utzita, erritmoari eman zion garrantzia handiena. Urretxindorra operan antzematen dira ezaugarri horiek.
I. Mundu Gerrak iraun zuen bitartean Suitzan bizi izan zen. Arazo ekonomiko handiak izan zituen eta lagunek lagundu behar izan zioten. Urte hauetako musikan sorterriarekiko mira antzematen zaio, eta Errusiako poesia, abestiak eta ipuinak ditu oinarrian. Horrez gain, hainbat musika-tresnarekin jotzeko moduko hainbat pieza egin zituen Ramuzekin batera, tartean Soldadu baten historia.
Gerra amaitu ostean, ibilaldi luzea egin zuen Errusiako baletarekin eta taldearentzat hainbat konposaketa sortu zituen, horietan garrantzitsuena Pulcinella. Antzinako musika berreskuratu zuen pieza honetan, baina hainbat elementu berri sartu zizkion. Estilo aldaketa Mavra operan eta Sinfonia haizezko tresnentzat lanean ere nabari da.
Urte hauetan haizezko musika-tresnen hautua egin zuen lehendabizi. Ondoren, ahal izan zituen tresna guztiak sartu zituen bere lanetan, Edipo erregea operan esaterako. Amaitzeko, Apolo lanean hari-musikatresnak bakarrik sartu zituen. Hala ere, garai horretako lanik ezagunena Salmoen sinfonia da.
