««Itzuli
Erreportaje didaktikoak
Elvis, rock-and-rollaren erregea (I)





Elvis Presley XX. mendeko herri musikaren pertsonaiarik garrantzitsuenetarikoa izan da, zalantzarik gabe, eta mito izatera ere iritsi da. Rock-and-rollaren erregetzat hartu dute kritikariek, eta garai hartan iraultzailea zen musika estilo bati ateak ireki zizkon. Karisma handia zuen eta horri esker publikoa bereganatu zuen 50eko hamarkadan. Musikari handiaren lehen diskoko kanta bat 10 astetan egon zen musika zerrenden lehen postuan Ameriketako Estatu Batuetan.
2005/07/27
Elvis Aaron Presley 1935eko maiatzaren 8an jaio zen Tupelon, Mississipi estatuko herri txiki batean, baina familia Memphisera joan zen bizitzera 1948an. Umetatik, musika estilo guztietarako zaletasuna agertu zuen (popa, countrya, gospela...) eta 11 urterekin gurasoek gitarra bat oparitzea lortu zuen.
Ikasketak bukatutakoan elektrizitate enpresa batean hasi zen lanean, baina ez zuen lan horretan asko iraun. 1953an musika munduan sartu eta lehen kanta grabatu zuen, amari oparitzeko. Urtebete geroago, maketa bat egin zuen bi kantarekin ("That?s all right" eta "Blue Moon of Kentucky"). Scotty Moore gitarra-jotzailearekin eta Bill Black baxu-jotzailearekin grabatu zuen lan hori, Sam Phillipsen estudioetan. Areto txikietan jotzen hasi ziren, eta arrakasta handia erdietsi zuten, batez ere, neska gazteen artean.
Elvisi musika mota asko gustatzen zitzaizkion. Baladek, contryak eta Beale Memphiseko kaleko elizan entzuten zuen gospelak eragin handia izan zuten haren musikan. Ordura arte inork nahastu ez zituen estiloak uztartu zituen, soinu berriak sortzeko. Hala abiatu zuen rock-and-rolla izango zenaren bidea. 50eko hamarkadako gazteriak alternatiba bat behar zuen, estilo freskoa, eta Elvisen musika gogoz barneratu zuen, nahiz eta gurasoek artista berria gogor kritikatu.
1955ean, Elvis Tom Parker managerrarekin lanean hasi zen, eta honek kontratua lortu zion RCA konpainia boteretsuarekin, Memphiseko gaztea nazio osoaren idolo bihurtzeko. Hound Dog (1956) diskoak argi utzi zuen rock-and-rolla zela une hartako musika, eta aurretik inork lortu ez zuena lortu zuen Elvisek: lehen singlea, "Heartbreak Hotel", AEBetako zerrendetako lehen postuan egon zen 10 astez jarraian. Ordura arteko lanik salduena izan zen eta Urrezko Diskoa ekarri zion. Askoren ustez, 1956. urtean bere ibilbide profesionalaren gorengo mailara iritsi zen Elvis; musika estilo berriak eztanda egin zuen orduan.
Jarraitzaileak, neskak gehienak, erotu beharrean agertzen ziren idolo berriaren emanaldietan, eta Elvisek mokorra mugitzeko zuen era ezagun egin zen mundu zabalean. Geroz eta agerraldi gehiago egiten zituen telebistan eta kontratua sinatu zuen Paramount zinema-estudioekin. Hala, urte horretako azaroan Love me tender pelikula estreinatu zen, eta arrakasta handia izan zuen Elvis Presley eta Debra Paget protagonista zituen filmak.
1957an, Graceland jauregia erosi zuen Memphisen, eta bertan ezarri zuen bizilekua hurrengo urteetarako. Handik urtebetera AEBetako Armadak soldadutzara deitu eta Berlinera bidali zuen. Han, Priscilla Ann Beaulieu ezagutu zuen, ezkondu egin ziren eta alaba bat eduki zuten, Lisa Marie.
Rock-and-rollaren erregea Armadan zegoela, RCAk hiru single kaleratu zituen, eta aurreko guztiak baino gehiago saldu ziren. Hala ere, hasita zegoen jadanik rock-and-rollaren gainbehera; Elvisek, baina, arrakasta nahikoarekin jarraitu zuen aurrera.
