MUSIKA

««Itzuli

Erreportaje didaktikoak

Jimi Hendrix, gitarra elektrikoaren jenioa (I)

Jimi Hendrix, gitarra elektrikoaren jenioa (I)
Jimi Hendrix, gitarra elektrikoaren jenioa (I)
Jimi Hendrix, gitarra elektrikoaren jenioa (I)
Jimi Hendrix, gitarra elektrikoaren jenioa (I)
Jimi Hendrix, gitarra elektrikoaren jenioa (I)

Rock musikaren historian gitarristarik handienatzat dute askok Hendrix. Tradizioa eta abangoardia lotzen jakin zuen, gitarra elektrikoaren soinu-errekurtsoak muturreraino eraman zituen, eta inprobisazioa eta muturreko esperimentazioa nagusi ziren estiloa garatu zuen.

2005/11/04

Jimi Hendrix 1942ko azaroaren 27an jaio zen, Seattlen, Washington estatuan. Erregistro Zibilean Johnny Allen Hendrix izenarekin agertzen bazen ere, geroago, James Marshal Hendrix jarri zion aitak haren ordez.

11 urte zituela ikasi zuen gitarra jotzen, Robert Johnsonen eta B.B. Kingen diskoak entzunda. Bi musikariak miresten zituen Jimik. Ezkertia zen, baina hariak eskuinentzat prestatuta zituzten gitarrak erabiltzen zituen, kontrako noranzkoan jarrita.

Ikasketak ez zituen gogoko eta, bizimodua ateratzeko, AEBetako Armadan eman zuen izena, jauskari moduan. Halere, han ere ez zuen zorte handirik eduki; izan ere, orkatila hautsi eta bizitza militarra utzi behar izan zuen. Aitak sartu zion musikarekiko grina eta horixe izan zen Hendrixen patua. Gitarra lagun, Jimik AEBetako bluesaren artista handienak imitatzen zituen. Mirespena zien, B.B. King musikariari batez ere.

Armadan eman zuen denboraldi laburrean, bluesa maite zuen baxu-jotzaile bat (Billy Cox) ezagutu zuen. R&B The King Casuals bikotea osatu zuen gerora harekin. Era berean, Hendrixek gitarra jotzeko zuen trebetasunari esker, garai hartako musika beltzaren izen handiek (Little Richard, King Curtis eta Sam Cooke musikariek eta Isley Brothers taldeak, esaterako), akonpainamendurako kontratatu zuten.

1966ko uztailaren 5ean, Chas Chandlerrek, Animals musika-taldeko kideak, gitarra jotzen ikusi zuen Jimi, New Yorkeko kafetegi batean. Chandler laster ohartu zen arraza beltzeko gitarra-jotzaile ezkerti hark sekulako ahalmena zuela musikarako, eta, kontzertua amaitu bezain laster, harengana joan eta Erresuma Batura berarekin joateko eskatu zion, han, Hendrix musika munduan sartzen laguntzeko. Aste batzuk geroago, Jimi Londreserako bidean zegoen. The Jimi Hendrix Experience musika-taldeak lehen pausoak eman zituen orduan.

1966ko urriaren 6an osatu zuten taldea. Jimi Hendrix abeslari eta gitarrista lanetan aritzen zen, John Mitchellek bateria jotzen zuen eta, azkenik, Noel Redding baxua zen. Chas Chandler eta Mike Jeffery, bestalde, promozioaz arduratzen ziren, managerrak baitziren. Taldearen lehenengo emanaldi ofiziala Evereuxen (Frantzia) izan zen, 1966ko urriaren 13an.

Urte horren amaieran kaleratu zuen Experience taldeak lehen singlea, "Hey Joe" abestiaren bertsio ezagunena, Polydor diskoetxearekin. Arrakasta handia izan zuen, eta horren atzetik publikatu zituzten "Purple Haze" eta "The Wind Cries Mary" kantek; horiek ere salmenta handiak lortu zituzten. Bestalde, Jimi Hendrixek erabat garatu zuen bere ahalmen eszeniko eta artistikoa, izan ere, eszenaratze ikusgarria eta deigarria zuen; gitarra buruaren gainetik eta atzetik jotzen zuen eta hariak hortzekin ere jotzen zituen.