MUSIKA

««Itzuli

Erreportajeak

Duncan Dhu, itzal handiko taldea

Duncan Dhu, itzal handiko taldea
Duncan Dhu, itzal handiko taldea
Duncan Dhu, itzal handiko taldea
Duncan Dhu, itzal handiko taldea
Duncan Dhu, itzal handiko taldea

Duncan Dhu. Crónica de un éxito liburuan, Donostiako taldearen lehenengo bost urteetako ibilbideari errepasoa egiten dio Juan Ramon Viles taldeko kide ohiak. Mikel Erentxun eta Diego Vasallorekin batera aritu zen Duncan Dhun 1984tik 1989ra arte. Bestalde, Erentxunek eta Vasallok disko bana kaleratu berri dute.

2006/12/01

Vilesek adierazi duenez, "garai bati amaiera eman" dio liburu honekin, izan ere, "bakoitzak bere buruarekin berriz topo egiteko, eta hasi zuten moduan, lagunak bezala, amaitzeko" balio izan dio taldeari.

Odon Elorza Gipuzkoako hiriburuko alkateak, Ignacio Casado SGAE Euskadiko zuzendariak eta Vilesek berak aurkeztu dute liburua. Elorzak azaldu duenez, "hiria harro dago bertatik Duncan Dhu bezalako musika-taldeak ateratzearekin".

Duncan Dhuren zale kataluniar batek bildutako 200etik gora egunkari-zati, hainbat grabaketa eta garaiko dokumentazioa oinarritzat hartuta, liburua idazten hasi zen Viles. Lan horri esker, "taldearen inguruan sortutako topiko ugarirekin hautsi" ahal izan duela esan du Vilesek.

1989an, Duncan Dhu utzi zuen Vilesek, taldeak urrezko disko bi eta platinozko sei lortuta zituela. Haren arabera, liburuan azaltzen da azken sei hilabeteetan hainbat desadostasun zituztela Erentxunek, Vasallok eta Vilesek, ez bakarrik eremu pertsonalean, baita enpresa-eremuan ere, eta horrela, elkarrengandik banandu egin ziren.

El corredor de la suerte, Mikel Erentxuren azken lana

Hogei abestik osatzen dute diskoa, eta lehen singlea, "Cartas de amor (cuando no hay amor)" da. El corredor de la suerte Du Manoir estudioan (Landak) grabatu dute. Produkzioaren ardura Mikelek hartu du lehen aldiz, eta soinu garbi eta indartsua lortu duela adierazi du. Nahasketak, aldiz, Cameron Jenkinsek, Amaralen azken bi diskoen produktorea izandakoak, egin ditu.

Amaral bikoteak berak (Eva Amaral eta Juan Agirre) eta Dani Martin El Canto del loco taldeko abeslariak parte hartu dute Duncan Dhu taldeko kide ohiaren diskoan, baita Lloyd Cole musikariak ere.

Diego Vasallok eta Roger Wolfe poetak La maquina del mundo aurkeztu dute

Diego Vasallo musikari donostiarrak eta Roger Wolfe poeta britainiarrak bat egin dute La maquina del mundo osatzeko. Vasalloren musika eta Wolfen poemak uztartu egin dira "disko bitxia" sortzeko, autoreen arabera.

Madrilen aurkeztutako lan hau pop ohikotik aldentzen da. "Proiektu integrala eta organikoki independentea da", azaldu zuen Westerhamen jaiotako poetak. Diskoak 11 abesti biltzen ditu eta Vasallok Wolfen testuak oinarritzat hartuz konposatutako abestiak ditu, batetik, eta Vasalloren musika hondoan duten Wolfek berak errezitatutakoak, bestetik.

Disko honetako poemak aurretik egindako obretakoak dira, adibidez, "Mensajes en botellas rotas", "Cinco años de cama" eta "Vela en este entierro" lanetakoak. Hori egiteko ideia poetak 2004an Donostian eskaini zuen errezitaldian sortu zen, Vasallo publiko artean egon baitzen.

Lan horrez gain, bakarrik egindako ibilbidea biltzen duen lehen diskoa, Las huellas borradas, plazaratuko du Duncan Dhuko abeslari ohiak. 13 abesti dauzka diskoak, horien artean, "Juegos de amor"; ahapaldi batzuk gehituta "zentzu berria" eman dio eta "Donde cruza la frontera" izena dauka orain kantak.