««Itzuli
Erreportajeak
La Oreja de Van Gogh, Benito Lertxundi eta Mocedades, euskaldunen talde gustukoenak






Eusko Jaurlaritzak igorri duen euskal kulturari buruzko txosten baten arabera, La Oreja de Van Gogh, Benito Lertxundi, Mocedades, Kepa Junkera eta Fito y Los Fitipaldis dira EAEko herritarrei gehien gustatzen zaizkien talde eta bakarlariak. 2006an eta 2007an Jaurlaritzak herri kulturari buruz egindako galdeketa batzuk biltzen ditu txosten horrek.
2008/01/18
Ikerketa honen arabera, EAEko herritarren erdiari (%49ri) "asko" gustatzen zaio musika eta %28ri "nahikoa". Biztanleriaren erdiak baino gehiagok (%58k) egunero entzuten du musika. Batez ere etxean eta autoan entzuten da musika, beste zerbait egiten den bitartean eta gehienbat irratian, CDetan eta telebistan.
Musikarenganako zaletasuna oso hedatuta egon arren, herritarren erdia ez da azken urtebetean kontzertu edo musika emanaldietara joan. %30 behin eta hiru bider artean joan da eta %18 hiru baino gehiagotan.
Musikari eta talde gustukoenaz galdetzean, erantzun desberdin asko jaso dira. EAEko biztanleek gustukoenak dituzten musikari eta taldeak honakoak dira: La Oreja de Van Gogh (%6), Benito Lertxundi (%4), Kepa Junkera (%2), Joaquín Sabina (beste %2), Mocedades (beste %2), Manolo Escobar (beste %2), Fito y Los Fitipaldis (beste %2), Oskorri (beste %2) eta U2 (beste %2).
Horien atzetik, beste musikari eta talde askoren aipamenak datoz, denak ere jendearen %2k baino gutxiagok aipatuta. Herritarren %16k ez dute inolako musikari edo talderik aipatu.
Jendearen %17rentzat La Oreja de Van Gogh da euskal talderik ezagunena, %8rentzat Oskorri, beste %8rentzat Kepa Junkera, %7rentzat Benito Lertxundi, %4ren ustez Mocedades, %3ren iritziz Fermin Muguruza, eta beste %3ren iritziz Mikel Laboa. Fito y los Fitipaldis, Su ta Gar eta Mikel Erentxun, bakoitza %2k aipatu dituzte.
Musika entzuten duen jendeak gustukoen dituen musika estiloak popa, rocka eta musika klasikoa dira.
Herritarren %62ren ustez, musikak garrantzi handia du euskal kulturan eta %28ren ustez nolabaitekoa. Euskal musika zer den galdetutakoan, %32ren ustez Euskal Herrian egiten dena da, %22k euskal musikariek egiten dutena dela uste dute, %13ren iritziz euskaraz egiten dena da eta %11ren ustez euskal instrumentu tradizionalekin egiten dena. %14ren ustez, bestalde, ez dago euskal musikarik, musika unibertsala da.
Musika entzuten duen jende gehienak (%78k) entzuten du sarritan gaztelaniazko musika, %42k ingelesezkoa eta %34k euskarazkoa. %10ek entzuten dute sarritan beste hizkuntza batekoa eta %23k musika instrumentala. Euskaraz dakitenek ia gaztelaniazkoa beste entzuten dute euskarazko musika. Musika entzuten dutenetatik %41ek Internetetik jaitsita entzuten dute.
Bertsolaritza
EAEn bertsozaletasuna ez dago oso zabaldua (%17 oso edo nahiko zaleak dira), baina gehiengoa osatzen dute noizbait bertso-saio bat entzun duten herritarrek (%66k). Bertsolaritza, batez ere, herri kultura bezala definitu dute herritarrek (%49k); haien iritziz, garrantzia du euskal kulturaren barruan (%82k), eta erakunde publikoek orain arte beste (%44k) edo gehiago (%34k) babestu eta bultzatu beharko lukete.
EAEko biztanleen erdiek baino gehiagok (%58k) zer edo zer entzun zuten 2005eko abenduan izandako Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaz eta laurden batek (%27k), inolako erantzunik iradoki gabe, 2006ko otsailean gogoratzen zuen haren irabazlea Andoni Egaña izan zela.
