MUSIKA

«« Itzuli

Erreportajeak

Cachao, Kubako musikaren adierazlerik onenetakoa eta mamboaren sortzailea

Cachao, Kubako musikaren adierazlerik onenetakoa eta mamboaren sortzailea
Cachao, Kubako musikaren adierazlerik onenetakoa eta mamboaren sortzailea
Cachao, Kubako musikaren adierazlerik onenetakoa eta mamboaren sortzailea
Cachao, Kubako musikaren adierazlerik onenetakoa eta mamboaren sortzailea
Cachao, Kubako musikaren adierazlerik onenetakoa eta mamboaren sortzailea
Cachao, Kubako musikaren adierazlerik onenetakoa eta mamboaren sortzailea

Israel López musikari kubatarra, Cachao eta "Mamboaren erregea" izenez ezagunagoa, 89 urte zituela hil da martxoaren 22an, Miamin. La Habanan 1918an jaioa, espainiarren ondorengoa eta kontrabaxuko irakasleen semea zen. Zortzi urterekin sartu zen musikaren munduan lan egiten, Bella Mar taldean bongoak jotzen, eta aldi berean pianoa eta baxua jotzen ikasi eta eskolara joaten zen.

2008/03/28

Guanabacoako Carral antzokian pelikula mutuen proiekzioetan musika jartzen lan egin ostean, La Habanako Orkestra Filarmonikoan kontrabaxu gisa sartu zen Cachao; 12 urte zituen. Bertan, Orestes anaia nagusia eta aita ari ziren lanean. Orduz geroztik, Cachaoren bizitza musika klasikoaz eta herrikoiaz busti zen. Arratsaldetan, klasikoak jotzen zituen eta gauetan, orkestra sinfonikotik kanpo, son doinuak.

Hurrengo 30 urteetan sinfonikoan ibili zen. Sona handiko zuzendariak eta instrumentista bikainak ezagutu zituen. Halere, ez zen inoiz urrundu bere benetako pasioa izan zen horretatik, musika herrikoitik: guaguancoak, guarachak, rumbak?

1937an, Orestes bere anaiarekin batera mamboa asmatu zuen danzon delakoaren erritmoa oinarri hartuta. Mamboa, locumi dialektoan historia esan nahi duena, Kubako musikaren adierazgarri bihurtu zen. Geroago, 50eko hamarkadan, egin zen ospetsu erritmo berri hori, Dámaso Pérez Prado musikariak zabaldu zuenean.

Kubatik AEBetara

1962an Kubatik joan zen, Castroren erregimena ezarri ondoren. Bere lehenengo jomuga Espainia izan zen eta han kabaretetan eta dantzalekuetan jo zuen, baina, beste kubatar askok bezala, AEBetara joan zen handik gutxira. New Yorken bizi izan zen eta 1970an Las Vegasera bidaiatu zuen; 8 urte inguru eman zituen bertan, nolabaiteko ospea eskuratuta gainera. Azkenik, 1978an, Miamira joan zen bizitzera, bere herrikideengandik gertuago egoteko.

Ia anonimatutik bizitza berria hasi zuen. Night clubeko pianista izan zen, festetan eta abeslarien akonpainamendu gisa jo zuen. Miamiko Orkestra Sinfonikoan sartu zen eta zarzuelak eta operak interpretatu zituen. Aisialdian, berriz, deskarga (jam session) famatuetan parte hartzen jarraitu zuen.

90eko hamarkadaren hasieran, Cachao, como su ritmo no hay dos (1993) dokumentalarekin Cachao ospetsu egin zuen Andy García jatorri kubatarreko aktoreak.

Publikoaren esker ona

1995eko martxoan, musikaren munduaren esker ona jaso zuen bere lanagatik. Horrela, disko latino onenaren Grammya jaso zuen Master Sessions bere ibilbideari buruzko trilogiaren lehenengo diskoagatik. Bigarren Grammya Ahora sií diskoarekin irabazi zuen, 2005ean.

Gutxienez 3.000 abestiren konposizioan parte hartu zuen Cachaok. Salsaren historia ezagutzeko erreferente nagusia da bere lana. "Cachao y su ritmo caliente", "Camina Juan Pescao", "Jam Session with feeling" eta "Descargas cubanas" dira bere kanta bikainenetako batzuk.

Besteak beste, Paquito D'Rivera, Pérez Prado, Néstor Torres eta Nelson González artistekin lan egindakoa, Cachaoren kontrabaxua Mi tierra Gloria Stefanen diskoan eta Two much Fernando Truebaren pelikulan entzun daiteke.

2006ko apirilean, James Knight Center Miamiko auditorioan Andy Garciak antolatutako kontzertuan jo zuen 5.000 pertsonen aurrean, Generoso Jiménez tronboi-jotzailearekin eta Alfredo Chocolate Almenteros tronpetariarekin batera.

2007ko urrian, Fama aldizkari estatubatuarrak Fama saria eman zion bere ibilbidearengatik eta musika latinoari egindako ekarpenarengatik. Duela bost urte, bere burua nola ikusten zuen galdetuta, Cachaok honakoa erantzun zuen: "Kubako musikaren sustraiak mantentzeaz beti arduratu den musikaria naiz".

(Argazkiak: 1, 2 eta 3 EFE; 4 www.myspace.com; 5 www.imdb.com; 6 sasamusic.com)