«« Itzuli
Erreportajeak
Rock izarrek zineman ere distiratzen dute






Martin Scorsesek Rolling Stonesak aztertu ditu euren kontzertu batean, Bob Marley berriro ikusiko dugu pantaila handian eta kamera batek 11 urtez Patti Smith grabatu du Dream of life filmatzeko. Izan ere, euren melodiak baliabide narratibo gisa erabiltzeaz gain, zinemarentzat rock izarrak inspirazio iturri dira.
2008/04/11
Scorseseren legenda Malas calles (1973) filmarekin hasi zen sortzen. Lan horretan, Rolling Stonesak ("Jumpin' Jack flash" eta "Tell me") entzun zitezkeen jada eta abesti bi horietatik jaio zen zinemaren klasiko honen espiritua. Orain, zinemagileak omenaldia egin die Mick Jaggerren eta Keith Richardsen taldeari Shine a light dokumentalaren bidez. Egikera bikainarekin eta bistako bokazio narratiboarekin New Yorkeko Bacon Theatren rock taldeak eskaini zuen kontzertua jaso du bertan. Filmaketan, laukotearen alderik intimoenera eta bere arrakastaren gakoetara gerturatu egiten da Scorsese, horretarako zuzeneko musika, elkarrizketa pertsonalak eta artxiboko irudiak erabilita.
Nazioarteko prentsa berezituak Scorseseren beste proiektuetako baten berri ere eman du. Lan-martxa frenetikoa darama bere lehen Oscarra irabazi ostean, Bob Marley reggaeren erregeari buruzko biografia bat prestatzen ari baita. Film hori egiteko musikariaren baimena du. Proiektu posible horrekin lotuta, Weinstein anaia ahalguztidunen The Wenstein Companyk jakinarazi du No woman no cry: My life with Bob Marley Rita Marleyk idatzitako biografiaren eskubideak erosi dituela.
Askok irrikaz espero zuten "Get Up, Stand Up"-en interpretearen biopic-a. Beste biografia batzuk ikusteko, bestalde, zerbait gehiago itxaron behar izango dugu. Hori gertatzen zaio Control Anton Corbjin artista holandarraren lehen film luzeari. Bertan, Ian Curtisen (Joy Divisionen burua) bizitzeko indarra eta 1980an bere buruaz beste egitearen legenda kontatzen da. Canneseko jaialdian aipamen berezia egin zioten arren, Control-ek oraindik ez du banatzailerik ezta estreinaldi datarik ere Espainiako Estatuan.
Urteko biografia musikala, dudarik gabe, Bob Dylanena izan da. Folkaren maisua interpretatzeko hamabi aktore ingururekin egin du lan Todd Haynesek I'm not there izeneko filmean. Horrela, "Like a rolling stone" kantaren egilearen izaera konplexuaren mailaketa desberdinak behar bezala islatu nahi izan ditu Haynesek.
Europako zinema-aretoetara iristear dago Berlín. Bertan, Julian Schnabelek Lou Reeden zuzeneneko lehen emanaldiak jaso ditu. Pelikula hasi eta 33 urtetara dator aretoetara.
27-n, Stuart Samuels dokumentalista kanadarrak 70eko hamarkadako hiru musikari ospetsuren bizitza islatzen du: Jimmy Hendrix, Janis Joplin eta Jim Morrison, hain zuzen, 27 urterekin hil ziren rockaren hiru "J"-k. Bakean, maitasunean eta amaiera zoriontsuetan hezitako belaunaldi baten irudia eskaintzen du bertan.
Berlineko Zinema Jaialdiaren azken edizioan musikak garrantzi handia izan du, Rolling Stonesak eta Patti Smith bertan izan baitira. Steven Spielbergek Smithen erretratu hurbila egin du hamaika urtez bere bizitzaren une esanguratsuenak grabatzen egon ostean.
Berlinaletik Neil Young ere pasatu zen. Crosby, Still eta Nash mitikoekin elkartu eta CSNY-Déjà Vu filmatu zuen, hots, gerren zentzugabekeria salatzeko 2006an AEBetatik eman zuten kontzertu-bira jasotzen duen dokumentala.
Beyoncé abeslaria bere arrakasta diskografikoaz baliatu da kameren aurrean ibilbide paraleloa egiteko. Bere filmografian genero musikalak du garrantzi gehien (Dreamgirls, The fighting temptations) eta Cadillac records hurrengo pelikulan Etta James dibarena egingo du, soul eta R&B doinuen jatorriak eta historia agerian utzita.
