«« Itzuli
Erreportajeak
Urtebetean 70 milioi artxibo jaitsi ditugu "ilegalki" Euskadin





Gero eta deskarga gehiago egiten ari dira munduan "ilegalki" Interneten, P2P edo artxibo trukaketaren bidez. SGAEren (Egileen eta Ekoizleen Elkartea) datuen arabera, 2007an 70 milioi deskarga "ilegal" egin zituzten Internet bidez Euskal Autonomia Erkidegoko bizilagunek.
2008/04/25
Ignacio Casado SGAE-Euskadiko zuzendariak eta Imanol Uribe SGAEren Zuzendaritza Batzordeko kide eta zinema zuzendariak eman dituzte datuok aste honetan, Bilbon egindako prentsaurreko batean. 2007an EAEn egindako 70 milioi deskargak Espainiako Estatuan egindakoen (guztira 1.2000 milioi) %5,83 dira.
SGAE-Euskadi arduratuta azaldu da jaitsiera ilegalen kopurua handia dela eta. Bestalde, negozioa aldaketetara moldatzen ari dela adierazi du. Halere, legeen esparruak izango dituen aldaketen zain daude, baita Internet zerbitzua ematen duten enpresek aldaketei nola aurre egingo dien ere, izan ere, banda zabalaren zati handiena (%85) musika eta bideoak deskargatzeko erabiltzen da.
SGAEren datuek diotenez, Espainiako Estatua Europako lehena da Interneteko deskargetan; guztira 1.200 milioi artxibo jaitsi ziren 2007an, eta horietatik %95 ilegalak dira. Erakundeak dio musika artxiboak jaitsi dituzten %97k ez dutela egile-eskubiderik ordaindu, eta ikus-entzunezko artxiboen %95koa da ordaindu ez dutenen bataz bestekoa.
Egileen eta Ekoizleen Elkarteak uste du artxiboen deskarga ilegalaren bidez "kaltetutako bakarrak egileak" direla. Halaber, gogorarazi dute Frantzian aurrerapausoak ematen ari direla alor hori arautzeko, edukien hornitzaileak pirateriaren kontra mugiaraziz, pirateria egiten duten erabiltzaileei mezuak bidaliz, edota hauek zigortuz, Internet erabiltzeko sarea moztuz.
Izan ere, Frantzia, Erresuma Batua, Suedia, Japonia, eta aurki Alemania, babestutako artxiboen munduko banaketa masibo ez baimenduari amaiera emateko mugimenduaren aitzindariak dira. Herrialde hauetako Interneteko operadoreak hitzarmenak sinatzen ari dira beren gobernuekin, pirateria digitala desagerrarazteko. Oro har, herrialde horietako gobernuek baimena emango diete operadoreei Interneteko konexioa mozteko P2P sareen bidez artxiboak trukatzen dituzten erabiltzaileei.
P2Paren aldeko ahotsak
Gizartearen alde baten aburuz (adibidez SGAE), babestutako artxiboak deskargatzea pirateria da, baina badago ekintza hau legala dela dioenik ere (internauta asko eta asko). Erabiltzaileek eskubidea dute kopia pribatua egiteko, eta horretan oinarritzen dira P2P sareak legezkoak direla esateko. Hauen aburuz, lanak P2Petatik deskargatzea ez da delitua, baldin eta irabazi-asmorik gabekoa eta kolektiboki ez kontsumitzeko bada. Lagun bati liburu bat uztea inoiz delitu izan ez bada, zergatik izango da delitua musika trukatzea? Hauen iritziz, gaur egun, globalizazio digitalaren ondorioz, lagunak mundu guztian daude banatuta.
(Argazkiak: 1: EFE; 2: SGAE)
