«« Itzuli
Erreportajeak
Maná taldeak bere ibilbideko onena bildu du Arde el cielo diskoan







Maná talde mexikarrak Arde el cielo bere lan berria mundu guztirako kaleratu zuen joan den astean. CD/DVD formatua duen bilduman, taldearen hamabi kantu onenetakoak bildu dituzte, zuzenean grabatuta. Gainera, bi kantu berri ere baditu disko berriak, "Si no te hubieras ido" eta bildumari izena ematen dion "Arde el cielo".
2008/05/09
Irribarrerik onenarekin eta urtebete eta bi hilabetez egin duten "Amar es Combatir Tour" bira egin ostean (bi milioi pertsonatik gora bildu dituzte) inongo neke zantzurik gabe, Maná taldeko kideek azken lanaren berri eman dute. Zuzenean grabatu zuten azken diskoa, En vivo, 1994an kaleratu zuten.
Fernando Olverak (Fher), guztira 22 milioi diskotik gora saldu dituen taldeko abeslari eta gitarristak, "Amar es combatir Tour" birari buruz esan duenez, "barkaezina zen ez grabatzea bi arrazoigatik"; batetik, bitarteko izugarriak zituztelako (69 tona material kontzertu bakoitzeko) eta, bestetik, ikusleen erantzunagatik.
Arde el cielo DVDko irudiak filmatzeko 18 kamera erabili zituzten, eta taldeak Puerto Ricoko Jose Miguel Agrelot Koliseoan eman zuen lau kontzertutan grabatu zituzten, 2007ko martxoa eta apirila bitartean. Abesti bakoitzaren bertsiorik onena, estudioan konponketarik egin gabe, sartu dute azken lan honetan.
Diskoa taldearen jarraitzaileek egindako eskaerei erantzun bezala atera dute, Alejandro Gonzalez bateria jotzaileak (El animal ezizenez da ezaguna, bateria sendotasunez jotzen duelako) azaldutakoaren arabera, izan ere, zuzeneko lan bat eskatzen zuten, aurrekoa, En vivo, 1994an kaleratu baitzuten. Gainera, Gonzalezek berak onartu duenez, beste arrazoi bat ere badago zuzeneko lana ateratzeko: "Orain inoiz baino hobeto ari gara jotzen ".
Bateriak gaineratu duenez, "guzti honen ostean eseri eta hau gainditzeko zer egin behar dugun ikusi behar dugu". Horretarako, hain zuzen, datorren urte amaieran beste lan bat aterako du bandak abesti berriekin, eta horrekin, taldearen gaur egungo kideek (Olvera, Gonzalez, Juan Calleros baxu jotzailea eta Sergio Vallin gitarrista) 13 urte beteko dituzte elkarrekin jotzen.
"Bakoitzak bere izaera du, baina elkar errespetatzen dugu, umore ona dugu, musika maite dugu eta guztion artean ongi moldatzen saiatzen gara", esan du Vallinek. Lagun talde honek oraindik erronka asko ditu, batez ere bere musika Europako hainbat txokora eramatea. Gainera, Callerosek azaldu du taldeko kideak oraindik ere hunkitu egiten direla eszenatoki bakoitzean igo aurretik.
1978an nerabe batzuek Sombrero Verde rock taldea (Manaren aurrekoa) osatu zutenetik, hainbat aldaketa izan dira taldean. Sombrero Verdeko kideak Fernando Olvera, Calleros anaiak (Ulises, Juan Diego eta Abraham) eta Gustavo Orozko ziren. 86an Abraham Callerosek eta Orozcok taldea utzi zuten, eta Alex Gonzalez gaztea batu zitzaien. Ez zuten 1995era arte osatu gaur egungo taldea (orduan aurkitu zuten Sergio Vallinen gitarren doinua), eta Ulises Calleros ordutik Manaren ordezkaria da.
Etorkizunean, musikaren industrian guztia lortu duen banda honek sortzen jarraitu nahi du. Alex Gonzalezen hitzetan, "sinestezina izango litzateke Latinoamerikako Rollig Stonesak izatea ibilbideari eta sinesgarritasunari dagokionez, baina argi daukagu gorenean gaudela utziko dugula", izan ere ez dute beherako prozesu bat bizi nahi. Ausartak izan behar direla eta taldea garaiz desegin behar dutela argi dute, bateria jotzaileak esandakoaren arabera.
(Argazkiak: www.mana.com.mx)
