«« Itzuli
Erreportajeak
Pirineos Sur jaialdiko protagonistak Afrikako hiriak eta bertako musika izango dira







Afrikako hiri handiak, besteak beste, Bamako (Mali), Dakar (Senegal) edota Johannesburg (Hegoafrikar Errepublika) eta hango musika izango dira Pirineos Sur Kulturen Nazioarteko XVII. Jaialdiko protagonistak. Festibala uztailaren 10etik eta 26ra bitartean egingo da Goi Aragoiko Sallent de Gallego herrian, eta "África Urbis" izena izango du.
2008/05/16
Pirineos Sur 1992an jaio zen Huesca Probintziako Diputazioak bultzatuta, munduko kultura desberdinen topagune gisa lan egiteko helburu nagusiarekin. Igarotako hamazazpi urte horietan jaialdia hazi egin da hainbat arlotan: ikusleen kopuruan, jaialdiak duen oihartzunean, edukian (bere agertokietatik mundu mailako musikari onenak igaro dira) eta gizarte konpromisoa.
Aurtengo edizioan urrats bat haratago eman nahi izan dute kultura lankidetzari dagokionez. Gauzak horrela, Huesca Probintziako Diputazioaren eta Kanpo Arazoetako Ministerioaren lankidetzarekin, azken horrek Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentziaren bidez (AECID) lan eginda, garapen bidean dauden herrialdeetako hainbat adierazpen kultural eta artistiko sustatzen dituen programa diseinatu dute. Lehendabiziko esperientzia Senegalekin egiten ari dira "La Mirada del Otro" izenburupean.
Programaren funtsa zera da: Huesca eta Senegaleko artisten arteko bizikidetzak elkartrukatzea. Huescako ordezkariak Juanjo Javierre musikaria eta Alberto Carrera Blecua margolaria dira, afrikarrak, berriz, Boli Kostako Manou Gallo musikaria eta Soly Cissé margolari senegaldarra dira. Azken hori, gainera, jaialdiaren XVII. edizioa sustatzen duen kartelaren egilea da. Topaketa horien zenbait emaitza Pirineos Surren ikusi ahalko dira.
Horren adierazle izango dira, batetik, proiektuan parte hartu duten musikari guztien artean uztailaren 25ean Lanuzako entzunaretoan joko duten kontzertua, eta, bestetik, festibal guztian zehar Sallent de Gallegoko karpapean Carrera Blecua eta Cissé margolariek egingo duten erakusketa.
Gizartearen aldeko konpromisozko giro horretan kokatuko da ere uztailaren 23tik 25era Panticosan egingo den Aniztasunari eta Kultura arteko Elkarrizketari buruzko Nazioarteko Biltzarra. Ekintza hori Europako Batzordeak 2008. urterako ezarri duen Kultura arteko Elkarrizketaren Europako Urtearekin bat egin asmoz antolatu du Pirineos Surrek.
Horrez gain, Pirineos Sur jaialdiren hamazazpigarren edizio honetako protagonista nagusiak Afrikako musika modernoak izango dira. Hori oinarritzat hartuta, "África Urbis" programak Afrikako hiri handietako musikak eramango ditu Lanuzako ur gaineko agertokira eta Sallent de Gallego herrira. Hortaz, festibalean presente egongo diren artistetako eta hirietako batzuk honako hauek izango dira: Smod eta Amadou & Mariam (Bamako), Baobab Orchestra (Dakar), Johnny Clegg eta Tumi and the Volume (Johannesburg), Djamel Laroussi eta Maghrebika (Arjel), Ray Lema & Le Saka Saka Band eta Konono Nº 1 (Kinshasa).
Gauzak horrela, aurtengo ikuskizunak Alpha Blondy, Idir, Johnny Clegg edota Ray Lema bezalako artista sonatuak gure artean hain ezagunak ez diren edota hasi berriak diren beste batzuekin nahastuko ditu. Bigarren multzo horretakoak dira Maghrebika, Ismael Isaac, Bigg edota Noura musikariak, besteak beste.
Hala ere, Afrikan barrena egingo den ibilbide horri heldu aurretik, Pirineos Sur festibalak bere lehendabiziko jardunaldia, uztailaren 10ekoa, Peret runba abeslariari eskainiko dio haren ibilbide emankorra omendu asmoz. Los Rumbers, Angeles Gabaldon edota Constancio Pradas bezalako artistak agertokira igoko dira kataluniar kantariarekin batera aritzeko.
Guzti hori gutxi ez, eta jaialdiaren programan honako beste jarduera hauek ere aurkituko ditugu: mintegiak, haurrentzako jarduerak eta animazioak, zinema, familiarentzako kontzertuak eta lau kontinenteetatik heldutako askotariko produktuak erakutsiko dituzten Munduko Merkatuak.
(Argazkiak: www.pirineos-sur.es)
