MUSIKA

«« Itzuli

Erreportajeak

Beatlesen "Hey Jude" arrakastatsuak 40 urte bete ditu

Beatlesen
Beatlesen
Beatlesen
Beatlesen
Beatlesen

Taldekideen gorabehera pertsonal eta artistikoetatik sortu zen Beatles talde ingelesaren kanturik arrakastatsuena; 1968ko abuztuaren 26an laukoteak ?Hey Jude? izeneko abestia plazaratu zuen. Garaiko kantu gehienak baino luzeagoa izan arren (zazpi minutuko iraupena zuen), mundu mailan singlearen bost milioi ale baino gehiago saltzea lortu zuten.

2008/09/05

Berrogei urte igaro dira Paul McCartneyk "Hey Jude" kantua konposatu zuenetik. Ordutik, belaunaldi askoren soinu banda bilakatu da abesti hau eta askok dantzatu eta abestu dute Beatlesek Hey Jude, don?t make it bad, hau da, Ei Jude, ez gauzak hondatu, abesten zuen bitartean. Zalantzarik gabe, talde ingelesak aukera paregabea egin zuen kanta honekin. Garaikoekin alderatuz gero, nahiko kantu desberdina zen eta, honi esker, lehen postuak lortu zituen Ameriketako Estatu Batuetako, Europako eta Asiako zerrendetan.

Eskaintza gisa

Paul McCartneyk askotan esan duen bezala, "Hey Jude" abestia Cynthia Lennoni egindako bisita batean bururatu zitzaion. Garai hartan, John eta Cynthia banantzen ari ziren eta bikotearen semeak, Julianek, bost urte besterik ez zituen. Antza denez, haurra animatzeko sortu zuen McCartneyk kanta. Berez, lehen melodiak "Hey Jules" zioen, Julianen txikigarria. Baina, egileak Lennon eta Yokoren aurrean lehen aldiz jo zuenean, Johnek berari buruzko kantua zela pentsatu zuen eta hori uste izan zuen bere bizitza osoan.

White Album

Taldekideen arteko harremana bere onenean ez bazegoen ere, urte hartako maiatzaren bukaeran bandaren proiektu arriskutsuena eta artistikoki aberatsena hasi zuten. Horrela, Londreseko Abbey Road estudioetara jo eta White Album izeneko lana grabatzeari ekin zioten. Hala ere, ez zen egoera samurra izan, eta behin baino gehiagotan taldekide bakoitzak bere aldetik lan egiten zuen. Ringo Starrek, adibidez, taldea utzi egin zuen, egun batzuetan.

Taldeak argi izan zuen hasieratik "Hey Jude" abestia ez zela White Album lanean sartuko eta aparteko single moduan argitaratuko zuela, baina kantaren erritmoak arrakasta ikaragarria izan zuen. Konposizioa McCartneyren ahotsarekin eta pianoarekin hasten da eta, pixkanaka, beste instrumentuak batzen dira, lehenik Lennonen eta George Harrisonen gitarrak eta, ondoren, Ringo Starren bateria. Azken lau minutuei dagokienez, "Hey Jude" berrogeita hamar musikarik osatutako orkestra baten soinuaz bukatzen da eta, horiekin batera, McCartneyren, Lennonen eta Harrisonen ahotsak entzuten dira.

"Revolution" vs. "Hey Jude"

Abestia single batean kaleratu zuen taldeak: A aldean "Hey Jude" sartu zuten, eta bestea "Revolution" izeneko kantu batek bete zuen. Azken abesti hori Lennonek konposatu zuen eta bere helburua taldeak Vietnamgo gerraren eta 1968. urteko hainbat gertakizunen salaketa egitea zen. Singlerako prestatu zuten moldaketa White Album lanean azaldu behar zena baino askoz ere gogorragoa izan zen: Lennonek gitarra distortsionatuak sartu zituen eta, horrez gain, single baten A aldean plazaratzeko erakargarria izan zedin, doinuaren erritmoa bizkortu egin zuen. Hala eta guztiz ere, Harrisonek eta McCartneyk ezezkoa eman zioten, arriskutsuegia zela uste baitzuten eta, azkenean, B aldean argitaratu zuten.

(Argazkiak: www.beatles.com)