«« Itzuli
Erreportajeak
Billboard argitalpenak mende erdi darama AEBetako musikagintzan erreferente izaten






1958az geroztik, ia mila abesti izan dira Billboard aldizkariak argitaratzen duen abesti arrakastatsuenen zerrendaren buruan. Astero, AEBetako irrati kateetan gehien entzun eta gehien saltzen diren 100 kantuen izenak kaleratzen ditu agerkariak.
2008/10/10
Duela 50 urte, Ricky Nelson musikariaren ?Poor Little Fool? abestia izan zen salduenen zerrendan lehena agertzen. Garai hartan, dena den, Billboard aldizkariaren sortzaileek nekez sinetsiko zuten urteen joan-etorrian askorentzat eredu bihurtuko zirela. Zerrenda kaleratzeko, ?Billboard Hot 100? sistema erabiltzen hasi ziren AEBetako 100 kanta salduenen eta entzunenen sailkapena egiteko.
?Billboard Hot 100? listaren urteurrena abuztuaren 4an ospatu zen arren, Billboard aldizkariak ale berezi bat argitaratu zuen aste batzuk lehenago. Bertan, historiako 100 abesti arrakastatsuenak zeintzuk izan diren zehaztu zuten.
Horrez gainera, aldizkariak, bere edizio digitalean, hainbat datu jakinarazi zituen; esaterako, 50 urte horietan, zerrendaren lehen lekuan izan diren abestien izenak eta gehien saldu diren lanen listan abesti gehien izan dituzten musikariak.
?Rockaren erregeak?, Elvis Presleyk, ?Billboard Hot 100? zerrendan ere eskuratu zuen nagusitasunaren koroa: 108 kanta izan zituen argitalpenaren zerrendan; James Brownek, ostera, 89 baino ez zituen lortu; Aretha Franklinek eta Ray Charlesek, 73na; eta The Beatles taldeak, 72.
Gainera, John Lennonen talde mitikoa da lehen tokian lan gehien izan dituen taldea. 1964an ?I want to hold your hand? kantarekin lehen postura iristea lortu zuenetik, beste 19 lanek eraman dute taldea argitalpenaren lider izatera. Horren atzetik, Mariah Carey (18), Michael Jackson (13) eta Madonna (12) daude.
Mariah Carey abeslaria, baina, talde britainiarraren aurretik dago beste zerrenda batean. Izan ere, abesti bat sailkapenaren maila gorenean zenbat astetan izan den ere zabaldu dute webguneko arduradunek. Atal horretan, Careyren ?One Sweet Day? lana 79 astetan izan zen nagusi, salduena zela eta.
Oro har, ?Billboard Hot 100? argitalpenean, talde eta abeslari estatubatuarrak dira jaun eta jabe, nahiz eta sortzaile britainiarrak, kanadarrak eta australiarrak ere badauden. Kantuen hizkuntzari dagokionez, nabarmena da ingelesez sortzen ez diren lan gutxi iristen direla sailkapeneko burura. Hala ere, salbuespenak daude ohitura horretan, ezen Los Lobos talde estatubatuarraren ?La Bamba? hiru astetan izan zen zerrendaren buruan, 1987an. 1996ko udan, ostera, Los del Rio bikotearen ?Macarena? kantuak izan zuen nagusitasuna. 14 astetan, AEBetako abestirik entzunena eta salduena izan zen bikote espainiarrarena.
Billboard aldizkariaren sareko edizioak, era berean, pop musikan izan diren arrakasten xehetasunak eman ditu. Adibidez, azken bost hamarkadetan, zerrendan behin soilik agertuta, lehenengo izatera iritsi diren musikari zein taldeak zeintzuk izan diren jakinarazi du. 1958an The Elegants taldeak lortu zuen marka hori ezartzea, ?Little Star? abestiarekin, eta 1988an Bobby McFerrinen ?Don?t worry be happy? izan zen listaren maila gorenera iritsi zena.
Badira izan zerrendaren burura bitan iritsiz fama eta kalitatea erakutsi dituzten abestiak, artista desberdinek interpretatuta. Esate baterako, ?Go Away Little Girl?, Steve Lawrencek eta Donny Osmonden bertsioak sartu zuten sailkapenean, 1963an eta 1971n, hurrenez hurren. ?I?ll Be There? lanarekin ere gauza bera gertatu zen, The Jackson Five taldeak (1970) eta Mariah Careyk (1992) interpretatu zutenean.
(Argazkiak: www.billboard.com)
