««Itzuli
Erreportajeak
Loquillo y Trogloditas taldeak BECen joko du




Kontzertua BECen izango da bihar, hilak 5, 21:30etatik aurrera, eta grabatu egingo dute. Bartzelonako rock kantariak eta bere taldeak Sabino Mendezekin batera joko dute. 17 urte igaro dira azkenekoz elkarrekin jardun zutenetik, Trogloditas taldearen sortzailea eta partaidea izan baitzen Mendez 1989ra arte.
2005/11/04
Loquillok (Jose Maria Sanz) eta bere taldeak (Trogloditas) Bizkaia Arena Bilbao Exhibition Centreko pabiloian joko dute larunbatean, azaroaren 5ean, 21:30ean. Kontzertua grabatu egingo dute. Ekitaldi berezia izango da Loquillok eta Sabino Mendezek batera joko dutelako, 17 urtean elkarrekin lan egin gabe egon eta gero.
Bartzelonako rock kantaria eta Trogloditas taldea La Rulot Bartzelonako aretoan aritu ziren urrian, eta han emandako kontzertuak disko berri batean eta horrekin batera kaleratuko duten DVD batean bilduko dituzte, Barakaldokoarekin batera. Euren ibilbidea gogorarazi nahi du lan berriarekin Loquillo y Trogloditas taldeak. 2006ko otsailean kaleratuko dute Hermanos de sangre izeneko hori, eta 17 abesti bilduko ditu bertan kantari kataluniarrak. Besteak beste, "El ritmo del garaje", "Cadillac solitario" eta "Veteranos" jasoko dituzte lan horretan.
Bilbon eskainiko duen kontzertuan, Fitok, Jaime Stinusek eta Sabino Mendezek hartuko dute parte. Trogloditas taldearen hasierako kanta ezagunenen konpositorea izan zen Mendez, eta "Quiero un camion", "La matare", "El ritmo del garaje", "Rompeolas" eta "Cadillac solitario" abestiak ere berak egin zituen.
80ko hamarkadaren hasieran sortu zuen Mendezek Trogloditas taldea, Ricard Ricard Puigdomenech, Jordi Vila eta Josep Simon Perdidos en el Espacio taldeko kide ohiekin batera. Loquillo lau horiekin elkartu ondoren, El ritmo del garaje kaleratu zuten 1983an. Lan horrek harrera ona izan zuen eta taldea ospetsu egiten hasi zen.
Ondoren etorri ziren ¿Donde estabas tu en el 77? (1984), La mafia del baile (1985) eta Mis problemas con las mujeres (1987), urrezko diskoa lortu zuen lana. Loquillo y Sabino lana ere urte berean kaleratu zuten, eta Los Intocables bi musikariek aurretik izan zuten taldearen azken grabazioak eta Trogloditasen lehenak jaso zituzten bertan. Ondoren, La mala reputacion (1988) argitaratu zuten. Orduan, Mendezek zuzenean jotzeari utzi zion drogekin zituen arazoengatik; A por ellos (1989) diskoa grabatu eta gero utzi zuen taldea behin betiko.
Orain, 17 urte elkarrekin jo gabe eman ondoren, Jose Maria Sanz, Loquillo, eta Sabino Mendez berriro batuko dira Loquillo y Trogloditas taldearen kantarik ezagunenak eta arrakastatsuenak eskaintzeko.
