Soinuaren iraupena
Imajina dezakezu arotza egurrik gabe lanean? Eta margolaria margorik gabe? Horrela balitz, ezingo lukete lan egin, funtsezko tresna faltako bailitzaieke. Gauza bera gertatzen zaio, bada, musikari; soinuz eginda dago eta hori da musikariak lanerako erabiltzen duen materiala.
Soinua ezin da ukitu, baina nahastu, egituratu eta ordenatu egiten dugu. Ez du espaziorik hartzen, baina bai denbora.
Soinua: bitarteko fisiko baten bidez, airea edo ura bezala, hautematen ditugun uhin bibrakorrek sortutako sentsazio bat da.
Soinuaren ezaugarrien artean dago iraupena. Hori da ezaugarririk garrantzitsuena, musika denboran hautematen baita.
Soinu baten iraupena soinu-uhinen denboraren iraunkortasunaren araberakoa da eta nota bakoitzaren iraupena, duen helburu artistikoaren araberakoa da. Ondorioz, soinu luzeak eta laburrak bereizten ditugu. Baina, horretaz gain, soinuaren iraupena zehazten duten hainbat elementu daude, hala nola: nota-irudiak, isiluneak eta konpasak.
