Barrokoa
Barrokoan (XVII eta XVIII. mendeak) musika instrumentalak askatasun osoa lortuko du, momentu horretara arte, instrumentuak ahotsen akonpainamendu gisa bakarrik erabiltzen baitziren. Garai honetako forma instrumental nagusiak suitea, sonata eta grosso kontzertua dira. Hirurek dute estilo homofonikoa, hau da, bere mende harmonikoki jartzen diren instrumentuez lagundutako melodiak dira.
Hala eta guztiz, ahots-musika ere garatuko da garai honetan operaren sorrerarekin Italian. Honek antzerki-izaera du eta gai mitologiko, alegoriko, politiko eta satirikoak joko ditu. Estatu espainiarrean, zarzuela sortuko da, operaren antzekoa baina herrikoiagoa eta kostunbristagoa dena.
Halaber, eta musika profanoa nagusi bada ere, forma erlijioso berriak ere sortuko dira, kantata -kanta polifoniko sakratua- eta oratorioa adibidez. Azken hau testu bibliko eta erlijiosoei buruzko konposizio bokal-instrumentala zen, zati liriko eta dramatikoekin, baina eszenografia eta ekintzarik gabe. Oratorioan narratzaile batek, une lirikoak garatzen dituzten zenbait ahots bakarlarik, koruak eta orkestrak parte hartzen dute.
Barrokoaren adierazle nabarmenenen artean Bach, Vivaldi eta Haendel musikagileak aipa daitezke.
