MUSIKA

Erromantizismoa

XIX. mendea pianoaren mende gisa ezagutzen da, beste edozein instrumenturen gainetik gailentzea lortu zuelako. Berarentzat sortzen dira forma instrumental espezifikoak, izaera askekoak, ia inprobisatuak eta aurretik zehaztutako egitura berezirik gabe ezagunenak hauexek dira: erromantza, kapritxoa, legenda, ipuina, inpronptua, nokturnoa, preludioa, fantasia, pausaldia, estudioa eta balada. Era berean, forma bokal berri bat sortzen da, lied erromantikoa, ahots bakarlariarentzako molde min eta xumeko kanta bat, pianoaren akonpainamenduarekin.

Instrumentu hau protagonista bada ere, orkestra-formek ere bultzada handia lortuko dute, eta horien artean kontzertua, klasikoa baino luzeagoa, eta olerki sinfonikoa. Azken hau garai honetako berrikuntza nagusia da eta orkestrarako mugimendu bakarreko obra da, forma askekoa, eta bertan gairen bat garatzen da testurik gabe, literatura-elementu batetik abiatuta, hala nola olerki bat, legenda bat, gertaera historiko bat edo edozein argumentu. Klasizismoko musika garbiari kontrajarriz sortzen da, baina ez zuen gai bat deskribatu nahi, baizik eta sentsazioak sortu.

Robert Schumann, Frédéric Chopin, Niccolò Paganini, Franz Liszt eta Richard Wagner erromantizismoaren musikagile nabarmenenak dira.