Genero handiak
- LINK: Kanpo loturak (1)
Opera
Musika beste adierazpen artistiko batzuekin bat egitearen ondorioz adierazpen kultural handiak sortu ziren, eta horien artean opera nabarmentzen da.
Operako argumentuaren oinarrian drama dago, eta honako berezitasuna du: elkarrizketa duen testua errezitatu beharrean, libreto batean egoten da eta hainbat interpretek eta abesbatzek abesten dute. Instrumentazioa, berriz, orkestra baten ardurapean egoten da, eta zuzenean jotzen du partitura. Eszenaratze ikusgarria izaten da, dekoratuetatik hasi eta interpreteen jantzietaraino.
Opera-mota desberdinak daude: argumentu dramatiko batean oinarritutakoa, opera bufoa eta ganbera-opera.

Opera Europako paisaia lirikoan nagusi izan zen Frantziako Iraultza iritsi arte, eta musika jasoan nagusi izaten jarraitzen du gaur egun ere.
Italian jaio zen, eta hala, Antonio Rossiniren El barbero de Sevilla produkzio izugarria azpimarratu beharra dago, ia erabateko protagonismoa lortu baitzuen. Baina ez zen izan Rossini bere garaiko konposatzaile bakarra. Vincenzo Bellinik, Normarekin, maila melodiatsura eraman zuen opera. Gaetano Donizettik, berriz, korronte berista edo errealista inauguratu zuen Lucía de Lamermoor lanarekin. Korronte horren adierazpen gorena Giuseppe Verdirekin, izan zen. Verdi zen, hain zuzen, entzuleen konposatzailerik gustukoenetako bat, eta ikusgarritasuna oso maite zuenez, elefanteak ere erabili zituen bere errepresentazio bat eszenaratzeko.
Nagusigo horrek indarra kendu zion Frantziako operari; interprete ospetsuena Héctor Berlioz, Las troyanasekin, izan zen. Gauza bera gertatu zitzaion Alemaniakoari ere, Richard Wagner iritsi arte ez baitzuen garapen zehatzik lortu.
