Genero txikiak
Hirietako herri xehea antzoki sortu berrietara joaten hasi ziren heinean, konposatzaileek aukeratu beharra izan zuten: beren lanak eliteei zuzendu, edo, aitzitik, herriaren gustuetara gehiago hurbildu.
Horren ondorioz bi korronte sortu ziren: serioa eta satirikoa. Konposatzaile batzuek opera handiaren hariari jarraitzea erabaki zuten, beste batzuek, berriz, herriaren gustuko lanak egitea erabaki zuten. Hori zela eta, forma musikal berriak agertu ziren, guztiak ere operaren ondorioz sortuak. Europan opera komikoa garatu zen, opera konbentzionalagoaren atsedenaldietan antzezten ziren pieza labur eta satiriko edo burleskoetatik sortua ziur asko.
Zarzuela
Estatu espainiarrean genero propio eta desberdin bat agertu zen: zarzuela. Ohiko operak baino gutxiago irauten du, adar eta eredu musikal berriak sustatzen ditu, eta are kutsu herrikoiagoa du. Genero chico deiturikoa zarzuelaren aldaera bat da, eta 1867an sortu zen. Iraupen txikiagoa du -ordu batera ez da iristen- eta akto bakarra (zarzuelak, aldiz bi edo hiru izaten ditu). Askotan zarzuelarekin nahastu izan da, operari kontrajarritako generoa baita. Argumentu desberdinak dituzte, ordea, genero chicoa kostunbrista baita, eta eguneroko bizitza islatzen baitu. Arin hartzeko doinua du, testuari zerbitzatzeko sortua eta folklore espainiarrean oinarritzen da: bolero, jota, seguidilla, solea, kalejira, fandango, habanera, baltse, mazurka eta polkan, eta txotisean.
"Genero txikia"
Hasiera batean, genero txikia musikarik gabe azaltzen zen. Musika eransten den lehenbiziko obra La canción de la Lola da, Ricardo de Vegaren libretoarekin eta Federico Chueca eta Valverderen musikarekin. Genero honen konpositorerik ospetsuenak honako hauek dira: Manuel Nieto, Ruperto Chapí, Federico Chueca, Fernández Caballero, Jerónimo Jiménez.
Obrarik nabarmenenak, ordea, El Santo de la Isidra, La fiesta de San Antón, La verbena de la Paloma, La canción de la Lola, Agua, azucarillos y aguardiente eta La revoltosa dira.
Opera bufa
Opera bufaren argumentuak komikoak eta soilak dira, eta hauen iraupena laburra. Zuzeneko eta lagunarteko lengoaia erabiltzen duten pertsonaiak agertzen dira. Korurik ez dago, ez eta muntai eszeniko handiegirik ere, eta melodiak soilak dira; obrarik nabarmenena Wolfgang Amadeus Mozarten Txirula Magikoa dugu.
