Euskal musika eta folklorea
- EXTRA: Beste bikote musikal batzuk
Euskal Herrian, gaur egun, tradizioa biziki mantentzen da bai musika arloan eta baita dantzan ere, biak guztiz loturik baitaude. Folklore adierazpenak oso anitzak dira, eta ondoren, musika-tresna eta dantza tradizional batzuen deskribapena ikus dezakegu.
Txistu eta danbolina
Txistua hiru zulodun flauta zuzena da. Antzinean neurri askokoak, gaur egun hiru neurrikoak baino ez daude: Txistua, Silbotea (baxuago afinatua) eta Txirula (zorrotzen afinatua). Txirula zurezkoa eta pieza bakarrekoa da. Beste biak, ordea, zatika egiten dira. Goiko zatiari beheko aldeak aldatuz tonalitate desberdinak lortzen dira.Txistuaren lagunik hoberena danbor txiki eta itxi bat da, hau da, danbolina. Txistu-danbolina Euskal Herriko musika-bikoterik ezagunena da. Txistua ezkerreko eskuarekin jotzen den bitartean, beso horretatik zintzilikatzen den danbolina eskuinarekin jotzen da. Txistu-danbolina bikotearekin jotzen diren erritmo eta dantza ospetsuenetarikoak hauexek dira: biribilketa, arin-arin, zortziko, porrusalda edo ezpata-dantza.

Trikitixa, panderoa eta txalaparta
Trikitixa akordeoi txiki diatonikoari deitzen zaio. Instrumentu honen historia eta erromeriak estuki lotuta daude. 1890. urtean Euskal Herrira iritsi zenetik aldaketa nabariak izan ditu gizartearen bilakaerarekin bat eginez. Soinu txiki horren ezaugarri bat solfeoaren beharrik ez izatea da, errepikatuz baino ez da ikasten. Horregatik musika-tresna herrikoia bihurtu da eta bere musika alaiak, panderoarekin batera, herriko festa guztietan dantzara deitzen du.
90ko hamarraldian Tapia eta Leturia (gipuzkoarrak) eta Kepa Junkera (bizkaitarra) izan ziren, trikitixari aire berria eman ziotenak. Hamar urte hauetan denetarik egin da soinu txikiarekin, pausu garrantzitsuak emanez eta hainbat talde aipagarriak eratuz, Gozategi anaiak, Alaitz eta Maider, Iker Goenaga edo Etzakit esate baterako.
Euskal folklorean erabilitako musika-tresna desberdinak elkarrekin gero eta gehiago erabiltzen dira soinu berriak eratuz. Trikitixa gehienetan panderoarekin entzun badugu, txalaparta ere entzun dezakegu Kepa Junkeraren azken lanean agertzen den moduan.