Gizakiaren batasun psikofisikoa banaezina da. Osasun fisikoa, finean, oreka psikikoaren menpe dago. Ariketa fisikoak adimen osasun positiboa lortzen laguntzen du, bai eta buruko nahasteen prebentzioan ere, (hauek sor ditzaketen aldagaien aurrean babesten gaituenez) eta bai eta terapia moduan ere. Beraz, garbi izan behar dugu azalpen hauek ez doazela zuzenduta soilik patologiaren bat dutenei. Guztiontzat osasungarri da oreka psikologikoa, eta ikuspegi positibo eta baikorra lortzea.
Ariketa fisikoaren psikologia osasungintzan aspaldian indartzen ari den eremua dugu, lau arrazoiengatik: Autolaguntzako terapiak ospe ona ari dira eskuratzen, prebentzioaren garrantzia azpimarratzen ari da, psikologiaren eremu berriak ari dira sortzen, ohiko zenbait terapien mugak begi-bistan ari dira gelditzen. Kirolari esker buruko gaixotasunen bat dutenei psikofarmako gutxiago eman behar zaizkie eta gauez lo hobeto egiten dute (gainera bigarren mailako ondoriorik gabe).
Onura hauek jaso ahal izateko, bereziki lan aerobikoak (erresistentziakoak erritmo apalean) dira egokienak: oinez ibili, igeriketa, bizikleta, korrika... Ohiko psikoterapian korrika izan da erabiliena eta ikertuena. Kirol honek dituen abantailen artean aipatu beharko litzateke, naturala, erabilgarria, merkea dela eta denbora gutxi eskatzen duela. Dena den, gomendatzen da ariketa desberdinak txandatzea, egitasmoa erakargarriagoa bihurtze aldera.


Erantzun