OHITURA OSASUNGARRIAK

Administrazioak sortutako zenbait egitasmo

Ikusirik jarduera fisikoak eta bizi-estilo aktiboak zenbaterainoko onurak eragiten dituen herritarren osasun mailan, joera sedentarioei aurre egiteko asmoz administrazio desberdinetatik hainbat egitasmo prestatu dira ildo honetan.

NAOS estrategia (Nutrizioa, Ariketa Fisikoa eta Obesitateaz kezkatzen den) nazioarteko egitasmo zabal bat da. Bertan Gobernuko Sail desberdinek, industria pribatuek, adituek eta elkarte ugarik parte hartzen dute elkarlanean eta helburu gisa hiritarrek bizi-ohitura osasuntsuak eskuratzea dute (bereziki haur eta gazteak) horretarako jarduera fisikoa eta elikaduran oinarrituz. Eremu desberdinetan lan egiten dute: familia, eskola, enpresak, osasun sistema… PERSEO programa berezia dute eskolako haurren artean helburu horiek sustatzeko. www.perseo.aesan.msc.es/

Eusko Autonomi Erkidegoan ere hainbat ekimen eratu dira, Osakidetza eta Eusko Jaurlaritzaren ardurapean OINEZ BIZI egitasmoa, esate baterako. Egitasmo honetan, Osasun Zentroetako famili medikuak saiatuko dira beren gaixoen jarduera fisiko kopurua areagotzen, zehazki oinez gehiago ibili daitezela. Eginkizun horretan motibatze aldera podometroak dohain banatuko dizkiete, kontrola dezaten egunero zenbat pauso ematen dituzten oinez. Erronka gisa ezartzen zaie egunean 10 mila pauso ematea.

Badira esparru txikiagoko ekimenak ere, esate baterako IRUNSASOI delakoa, Gipuzkoako Irun hirian. Bere helburu nagusia: hiritarren osasuna eta bizi-kalitatea hobetzea jarduera fisikoaren sustapenaren bidez litzateke. Horretarako Osakidetza sareko osasun zentroak eta Irungo Kirolaren Udal Patronatuak elkarlanean aritzen dira. Etxeko medikuak paziente baten ohiko bizimoduan bizi-estilo sedentarioegia sumatzen duenean, Udal Kirol Patronatuak dohain antolatu duen zerbitzura bideratuko du. Bertan, bera baloratu ondoren bere ezaugarri, behar eta zaletasunei egokitutako jarduera fisikoko egitasmo bat diseinatuko diote, beti ere bere osasuna hobetze aldera. Ondorengo jarraipena ere bermatzen dute.

Egoera honen berri izanik, administrazioak gure osasuna hobetu dezan itxaroten gelditu gabe, geuk eman beharko genuke urrats hori eta inguruko lagunak ere kutsatu.

Nork: Luis Mari Zulaika.2008/12/01 11:42:41.466 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0)

Erantzun





The CAPTCHA image

Mesedez irudian agertzen diren letrak sartu ondoko testu-kutxan.