Ariketa fisikoak autoestimuaren hobekuntzan ondorengo aldagaien bidez eragin dezake: sasoi fisikoa hobetuz, helburuak bereganatuz, gaitasun edo trebetasun berri bat ikasteak dakarren satisfazioa jasoz, pertsona arrakastatsuekin identifikatzea erraztuz, gorputzeko ongizate sentipenak eskuratuz eta gorputzaz dugun irudia hobetuz, hainbat portaera osasuntsu garatuz, harreman sozialak ugalduz, pertsona adierazgarriek eragindako errefortzu positiboa bilduz, besteen aurrean protagonista sentitzen lagunduz, besteek norberarekiko dituzten balorapenak baldintzatuz, onespen soziala hobetuz.
Kontuan izan behar duzu egungo gizartean: itxura fisikoaren garrantzia puztuta dagoela, gorputza dela besteen aurrean azaltzeko dugun ispilua, eta kirol jarduerak (oro har) publiko aurrean burutu ohi direla. Jarduera fisikoak bide ezberdinetatik eragiten du geure buruaz dugun pertzepzioa: gorputz irudia baldintzatuz, gure gaitasun eta trebetasunez duguna eta besteek gutaz dutena (eta islatzen dutena).
Hobekuntza hauei esker autopertzepzio fisikoa igo daiteke. Autobalorazio hori orokortuz lor daiteke ikuspegi positibo hori beste eremuetara ere zabaltzea, autokontzeptu osoa hobetuz. Gogoan izan autokontzeptuak nortasunaren garapenean eginkizun erabakigarria jokatzen duela. Autokontzeptu positiboak funtzionamendu egokia ziurtatzen du: bai banakako, bai sozial, profesional zein akademiko arlotan ere. Bere baitan dago norbere buruaz harro eta pozik sentitzea.


Erantzun