Azkeneko hamarkadetan administraziotik osasun publikoa zaintzera bideratutako estrategietan neurri prebentiboen aldeko apustua egin da. Gaixotasuna azaldu zain itxaron beharrean, aldez aurretik neurriak hartu ohi dira herritarren osasun- eta bizi-kalitatea hobetzeko. Ikusi dugu sedentarismoari lotutako ezaugarriak zenbat gaixotasunen arrisku faktore diren. Hainbat aditurentzat sedentarismoa dugu etorkizunean herritarren osasun maila minimoa bermatu ahal izateko etsai nagusia.
Urtero mundu osoan 17 milioi pertsona inguru hiltzen dira. Jatorri ez kutsakorreko gaixotasunei (kardiobaskularrak eta loditasunarekin loturikoak, besteak beste) heriotza horien %69ren ardura leporatzen zaie. Dauden gaixotasun guztien artean %46a suposatzen dute. Ulergarria da beraz, administrazio desberdinetatik herritarren bizi-estilo aktiboak sustatzeko eta sedentarismoari aurre eginaz osasuna hobetzeko egitasmoak bultzatzea. Hurrengo atalean ikusiko ditugu hauetako zenbait adibide.
Dena den, jarduera fisikoak baliabide sendagarri gisa ere, badu zeresana. Funtzio terapeutiko hau tradizionalki sistema muskuloeskeletikoan onartu izan da, lesioen berreskuratze eta errehabilitazio lanetan. Gainontzeko gaixotasunetan ere gaitasun hori aitortu behar litzaioke. Bihotzeko, zainetako, biriketako gaixotasun baten ondoren sasoi fisikoa eta oro har gaitasunak erabat apalduta eta gutxituta gelditzen dira (zenbait kasutan bat bateko heriotzako arrisku egoerara hurbilduz). Testuinguru horretan gaitasun fisikoak suspertzea osasun iturri nabarmena da. Gaixotasunaren ondorioetatik errekuperatzeko jarduera multzo honi mugimenduaren terapia deitzen zaio.


Erantzun