OHITURA OSASUNGARRIAK

Jarduera fisikoak hobeto lo egiten laguntzen du

Lo behar bezala egiteko zailtasunak izatea arazo bihurtzen da adina aurrera doan neurrian. 65 urtetik gorakoen artean, esate baterako, % 95 kexu da goizegi esnatzen delako. Jarduera fisikoak lagun lezake arazo honi aurre egiten. Lo gutxi edo gaizki egiteak nekea, umore txarra, adimena lausotzea, oldarkortasuna, kontzentraziorako zailtasunak, istripuen arriskua areagotzea ekar lezake. Beraz, hara hor eragin honek zer-nolako garrantzia duen.

Indarberritzearen teoriaren arabera, eragin hau honela azal daiteke: jarduera fisikoan energia gehiago xahutzen denez, gorputzak energia hori berreskuratzeko lo egiteko eta atseden sakona hartzeko erraztasun handiago izango du. Ariketa fisikoak eragiten duen nekeak eta tentsio ezabapenak lo hobeto egin ahal izateko egoera errazten du. Loak atal desberdinak ditu. Gehien indarberritzen garen unean burmuinaren jarduera, bihotzaren uzkurtze maiztasuna, arnasketa, presio arteriala, metabolismoa eta gorputzaren tenperatura jaitsi egiten dira.

Ondorio hauek jasotzeko ordea, kirol jarduera horrek ezaugarri batzuk izan beharko ditu. Estresa eta tentsio handia sortu beharrean erlaxatzen lagundu beharko du. Horretarako aisialdiko ikuspegi ludikoan gauzaturiko jarduera izango da, non emaitzak ez duen aparteko garrantzirik. Lehiakortasun handiko txapelketan parte hartzeak aurkako eragina izan lezake, lo hartzeko unea atzeratuz. Ariketa intentsitate baxukoa izatea ere komenigarria litzateke.

Nork: Luis Mari Zulaika.2008/09/08 11:57:18.749 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0)

Erantzun





The CAPTCHA image

Mesedez irudian agertzen diren letrak sartu ondoko testu-kutxan.