Kirola egiteak lagundu egiten dizu tabakoaren kontsumoa eta beste zenbait ohitura txar saihesten. Horretarako hainbat arrazoi fisiologikok zuzenean eragiten dute, baina badira zeharka baldintzatzen dutenak ere: ariketa fisikoa egiteak lasaitasunezko egoera eragiten du (urduritasun eta aktibazio maila jaitsiz); aisialdian kirola egiteak beste kezka eta jarduera batzuetatik aldentzea eragiten du (bereziki gazteen artean); dituzun mugetaz jabetuz, gorputza eta osasuna gehiago zaintzearen aldeko jarrerak sustatzen dira.
Era berean, gogoratu kirola egiteak kezka eta motibazio ugari asetzen dituela. Helburu horiek betetzeak drogak hartzeko portaerak baztertzen laguntzen du. Hala nola: ereduak imitatzea; talde bateko partaide izatea; kideen artean nabarmentzea; norbere gaitasunak besteen aurrean azaltzea; ametsak betetzea; arrakastak eskuratzea; ondo pasa eta gozatzea; sasoian egotea; osasuna hobetzea; itxura fisikoa hobetzea…
Nabarmentzekoa da drogamenpekotasunari aurre egiteko egitasmo guztiek kirol ekintzak txertatuak izatea. Dena den, egitarau hauek arrakastatsuak izango badira baldintza batzuk bete beharko dituzte: giro atsegina, kideen arteko harreman egokia, jarduera anitzak eta ezberdinak eskaintzea, ondo pasatzea, arreta eskaintzen zaiela suma dezatela, hobetuz doazela antzeman dezatela, beraien aurrerapenen arduradun gisa ikus dezatela beraien burua… Kontuan izan, kirol jarduera ez litzateke bideratu behar errendimendua eta lehiaketaren ikuspegi itxi batetik; aisialdia eta gozamenari lehentasuna emanaz baizik. Autoestima hobetzea da drogamenpekotasunari aurre egiteko txertorik eraginkorrena.


Erantzun