Giza eskeletoa jaiotzen den unetik hazten doa neurriz (kuantitatiboki), eta garatu ere egiten da (kualitatiboki). Hasierako kartilagoak pixkanaka hezur egitura lortuz doaz, mineralizazio prozesuari esker hezurren dentsitatea handituz.
Jarduera fisikoa erregulartasunez egiteak prozesu hauek areagotu egiten ditu, hezur luzeagoak, sendoagoak eta mineraletan aberatsagoak bermatuz. Pertsona aktiboen batez bestekoak sedentarioena baino % 10 hezur masa gehiago du. Beraz, osteoporosia bezalako gaixotasunei aurre egiten laguntzen du. Kontuan izan gaitz hori oso ugaria dela adineko emakumeen artean eta bizi kalitatea nabarmen kaltetzen duela.
Baldintza genetikoak hor badaude ere, onartuago dago jarduera fisikoak hazkundea areagotzen duela: hezurretako epifisia estimulatu egiten duelako; hazkunde hormonaren (GH) jariaketa handitu egiten delako; proteinak hobeto asimilatzen direlako, eta gainera, oreka eta koordinazio motorea hobetuz erorketa arriskua gutxitu egiten delako.
Hezurra bereziki lantzeko giharretako lanaz estimulatu behar dugu, neke mekanikoa eta tentsioa jasan dezan, besteak beste, gorputzaren pisua eutsiz, zoruarekin inpaktua eskatzen duten jardueren bitartez: korrika, aerobic-dance delakoa, sokasaltoa... indar erresistentzia lantzeko ariketa eta zirkuituak ere baliagarriak dira.


Erantzun