Zirkulazio-aparatuan ikus daitezke osasunarentzat kirolak dituen eragin positibo garrantzitsuenak. Jarduera fisikoa erregulartasunez eginez organo eta hodien (arterien, zainen zein kapilarren) bolumena handitu egiten da, paretak indartu egiten dira eta malgutasuna irabazten dute; kapilar-sarea, entzima kopurua eta glukogeno-biltegiak ugaldu egiten dira; muskuluetako ehunek oxigenoa xurgatzeko gaitasuna hobetzen dute, esfortzu berdinarekiko bihotz-maiztasun eta presio baxuagoa izango dute. Ondorioz, gorputzak odol gehiago mugi dezake, gutxiago nekatuz.
Bihotzak, ohiko jarduera fisikoaren eraginez bere neurria handitu dezake bi eratara: bere barrunbeen bolumena handituz (lan aerobikoaren eraginez); edo bere hormak sendotuz eta indartuz (lan anaerobikoaren ondorioz). Bihotz-maiztasuna murrizten da, taupada bakoitzean odol gehiago ponpatzen denez, bihotzak lasaiago lan egiten du. Ondorioz, lan gehiago eta azkarrago egin dezake, lan berdina egiten gutxiago nekatzen da.
Odola gehiago eta meheago izango dugu (bolumen plasmatikoa areagotzen da), errazago zirkulatuko du, globulu gorrien kopurua ugaldu egiten da (oxigenoa garraiatzeko gaitasuna hobetuz), odolbilduak izateko arriskuak txikiagoak izango dira, kolesterol totala eta gantzen kopurua jaisten da. Ondorioz, denbora gehiago iraungo dugu esfortzuan nekatu gabe.


Erantzun